edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Oinak lurrean burua hegan

Tomas Lizardi

irudia
Aitzol eta Unai euren hegazkinekin Etxaburua etxearen aurrean.

Norbaitek txori klase arraroren batekin nahastu ohi omen ditu. Baina ez, hegazkinak dira, gezurrezkoak. Ez, barkatu, egiazkoak dira. Besteak bezain egiazkoak, nahiz eta ezin dugun haien barruan bidaiatu. Alkizan, zaletasun hori duen bizilaguna dugu: Unai Sorarrain. Nork ez du Plaza aldean edo Mendiolan, bakarrik edo haur mordo batez inguratuta, inoiz ikusi mando bat eskuetan duela zeru aldera begira? Bere hegazkinetako bat gidatzen ari da. Laguna du Hernanin, zaletasun hau berarekin batera bizi duena. Aitzol da. Jatorra, alaia eta aparailu hauen inguruan asko dakiena. Jaione lagunarekin etorri dira Alkizara, “Oilategitik” aldizkariaren bidez zuei guztiei euren zaletasunari buruz hitz egitera.

Noiz eta zerk bultzatuta hasi zineten aeromodelismoarekin?
Aitzol: Txikitatik izan dudan pasio bat da, betidanik izan dut hegazkinekin eta hegan egitearekin obsesio antzeko bat. Hasieran maketa estatikoak muntatzen hasi nintzen eta, aurrerago, adin eta diru gehiagorekin, irrati kontroleko hegazkinen munduan sartu nintzen.

Unai: Ni duela urte eta erdi hasi nintzen hegazkin batekin. Ondoren, Aitzol ezagutu nuen eta, bere laguntzarekin, aeromodelismoaren munduan sartu nintzen. Dena den, gisa honetako tramankuluak betidanik gustatu izan zaizkit.

Hegazkinak hegaldatzeko lekuari dagokionez, inoiz arazorik izan al duzue? Non hegaldatzen dituzue hegazkinak?
Aitzol: Orion, traineruen pareko instalazioen inguruan “elektrikoen” lekua dago, leku honetan elektrizitate bidez dabiltzan hegazkinak hegaldatzen dira; San Markosen, berriz, “gasolinazkoen” lekua dago. Hala ere, edozein larre ikusten badugu, hara joaten gara gure hegazkinak botatzera.

Unai: Alkizan bertan, esate baterako, Mendiolan hegaldatu izan ditugu.

Gaiari buruz ezer gutxi dakien bati azal iezaiozue gutxi gora behera zer den aeromodelismoa.
Aitzol: Hegan egiteko pasiotik dator aeromodelismoa, hala ere gauza ugari nahasten dira bertan, artea, etab. Maketa estatikoak deritzenak alde batera utzi behar ditugu, ez baitira aeromodelismoaren barruan sartzen. Aeromodelismoan norberak bere hegazkina muntatzen du, baina hegazkin horrek gero hegan egiteko balio du, ez da apaingarri soil bat.

Unai: Orokorrean hiru talde ezberdindu ditzakegu aeromodelismoaren barruan: gasolinazkoa, elektrikoa eta “beleroena”; azken horiek ez ditugu itsasuntziekin nahastu behar, “belero” deritze aire termikoaz baliatzen direlako hegan egiteko.

Zer behar da hobby honetan hasteko? Oso garestia al da?
Unai: Hasteko hegazkina, mandoa eta hegazkinaren barruko mekanismoa behar ditugu. Hau guztia dakarten “kit” batzuk badaude, eta gutxienez 200 euro inguru ordaindu behar dugu merkeenaren truke. Horiek elektrizitate bidez dabiltzanak dira. Hala ere esan behar da mando batek, hasierakoak, etorkizunean ekar ditzakegun hegazkinentzat ere balio duela. Ohikoa izan ohi da hasieran elektrizitate bidez dabilen hegazkin bat erostea, baina luzera, aurrea jarraitu nahi badugu, gasolinazko modelo bat ekartzea izaten da ohikoena, indar handiagoa baitute.

Aitzol: Prezioan bertan ikus daiteke elektrizitatezko eta gasolinazko hegazkinen arteko ezberdintasuna. Elektrizitatez dabilen modelo merkeenak 200 euro inguru balio badu, gasolinazko modelo merkeenak 300 euro inguru balio du. Hegazkin bat erosterakoan kontuan izan behar dugu zer eta zenbat gastatzen duen, hau da, gasolina ala elektrizitatea, eta gastatzen duenaren eta birkargatzen behar duenaren arteko oreka bilatzen saiatu behar dugu. Adibidez, bi baterien artean, batek luzaroago ibiltzeko aukera ematen duen arren, birkargatzen askozaz denbora gehiago behar du eta, jarraian gutxiago ibiltzeko aukera ematen duen arren, azkarrago birkargatzen den bateria bat hobea izan daiteke.

Unai: Gasolinazko motoreen artean ere ezberdintasunak daude, autoen motoreetan bezala, indarrak ezberdinak dira tamaina ezberdinetako motoreen artean. Era berean, indarren ezberdintasun garbia nabaritzen da elektrizitatezko eta gasolinazko hegazkinen artean, automobiletan bezalaxe.

Ba al dago inolako federazio edo antzekorik aeromodelismoaren inguruan?
Aitzol: Bai, Euskadiko Aire Kirol Federazioa. Bertan federatuta egoteak, gainera, aseguru antzeko bat ematen dizu edozein istripuren aurrean, baina ez du lekurik proportzionatzen, eta federatzeko, aeromodelismoko talde baten barruan joan behar duzu, banaka ezin da.

Hegazkinarekin ari zinetela gertatutako istorio xelebrerik ba al duzue kontatzeko? Zein?
(algarak)
Unai: Niri behin haizeak hegazkina eraman zidan: Aire beroz dabilen horietakoa, hau da “beleroa”, zen eta, aire berozko korronte batek harrapatu zuen. Hegazkinak ez zuen jaisteko mekanismorik, beraz, norbaitek Ernio inguruan hegazkinen bat topatzen badu, ekar dezala mesedez.

Aitzol: Niri hegazkina zuhaitz batean trabatuta geratu zitzaidan, ez gora ezta behera ere. Azkenean Unairen aitak jaitsi zidan.

Unai: Beste behin behi bati jo genion, eskerrak etxekoa zen…

Ez da oso ohikoa honelako tramankuluak gure zeruan jiraka ikustea. Nola erreakzionatzen du inguruko jendeak?
Aitzol: Harriduraz, miresmenez… Hitz egokiena kuriositatea dela esango nuke. Hobby honek jendearengan gerturatzeko, probatzeko, jakiteko… grina sortzen du.

Unai: Jendea harrituta geratzen da, eta probatzeko gogoarekin baina, behin probatuta, ohartzen da dirudiena baino zailagoa dela.

Galdu al zaizue inoiz hegazkinik?
Aitzol: Bai.

Unai: Niri bi galdu zaizkit, baina bat aurkitu nuen.

Zaila al da gidatzea? Nola ikasten da hegazkin hauek gidatzen?
Unai: Hasieran ez da erraza. Halere, ordenagailurako simuladoreak existitzen dira, nik inoiz ere bat erabili ez badut ere. Nik hala ere, praktikarekin ikasi dut, ordu asko sartuz.

Aitzol: Simuladoreak ordenagailurako jolasak bezalakoak dira. Ni hauetako batekin ibili nintzen hasieran, eta San Markosera joan nintzen lehen aldian jendea harrituta geratu zen, askok uste baino hobeto gidatzen bainuen. Nik hasieran simuladore batekin praktikatzea gomendatzen dut, batez ere mandoarekiko beldurra kentzeko, oso konplikatua baitirudi hasieran.

Unai: Beno ba, norbaitek hobby honetan hasi nahiko balu, edozein galdera egiteko etab. gurekin harremanetan jar dadila, eta guk lagunduko diogu!


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala