edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Felix Otaegi. Artista alkizar batekin solasean

Eduardo Tormo, Alkizako maisu ohia.

irudia

Pello Joseren eskutik, Felixen lantokira hurbildu ginen egun batean. Bistaz bai, baina bestela ez nuen ezagutzen. Irribarrez hartu gintuen, dotore jantzita, txukun. Gure Pellok aurkeztu ondoren, denbora gehiegi galdu gabe, “Oilategitik aldizkarirako elkarrizketa egin behar geniola komentatu eta presto azaldu zen.“Aio, aio.” Han gelditu zen, agian ziria ederki sartu geniola hausnartzen, bueltaka.

Alkizako baserriko seme bat kalekume bihurtua. Zer dela eta?
Ni Alkizan sortua naiz, Arpide baserrian. Mila bederatziehun eta berrogei eta bostean. Etxean hamabi semealaba ginen, zazpi mutil eta bost neska. Egun, horietatik hamar bizirik, denak bere familiarekin, eskonduta hemen inguruan. Baina Alkizan inor ez. Baserria saldu egin zen. Anai zaharrena bertan gelditu zen maiorazgo eta azkenean saldu egin zuen. Lurra eta guzti. Pena handia hartu nuen nik. Nik pena handia izan dut baserria gurea ez izatea. Gure aita eta ama hara joan ziren, baserria erosita eta han familia sortu.

Arpide baserritik herrira bidea luzea da, ba, eta eskolara joaten ginen bazkaria eta guzti. Elizegi tabernan bazkaria berotzen ziguten, gero jolasteko nahiko denbora izaten genuen.

Ile apaintzaile – pelukero?
Nik nola hemengo jendeak pelukero deitzen didaten eta errazagoa den, ba horrela ibiltzen dut, pelukero.

Pelukero; baina zergatik ez baserritarra edo mediku edo tornero edo fraide edo politikari edo…?
Nire bizitza hemen markatzen da. Hamabi urte nituela, joan nintzen praile edo kaputxino, beste Alkizako lagun batekin. Hondarrabira urte bete eta Altsasun beste urte bete. Hamalau urterekin bukatu nuen nire karrera. Amasan bizitzen da nire arreba bat eta haren etxera etorri nintzen. Hortik, galdezka pelukero nonbait hasteko asmoan eta Juan Ormazabal, Villabonako pelukero bat eta harek hartu ninduan lantegian eta hamabi urte pasa nituen berarekin. Ondoren nere kontura hogeita hamazazpi urte Villabonan.

Pelukeroa zer da, zer izan daiteke, zer izan beharko luke: langile, artisau, artista?
Nire ustez langile behintzat bai; nire bizitza guztia lanean pasa dut. Artisau, noski baietz; gure lana eskuz landua izaten da beti. Artista,… Nik eztakit artista izena eman. Artistek generalean, zerbait beti grabatuta usten dute eta.

Dena den, lagun bakoitzari ilea mozteko garaian, artista-lana egin behar da; ez al da hala?
Zentzu hortan bai, zentzu hortan bai. Orduan artista ere bai.

Zure besaulkian eseri dena zure eskuetan sentitzen al duzu? Besaulkia ez al da batzuetan, neurri batean behinik behin, aitorlekua edo psikiatraren sofa?
Bezero guztiak konfidantzaz etorriko dira, noski, siloian eseritzera. Psikologo, psikiatra,.. Nire ustez hitz horiek nik ez nituzke erabiliko, baina bai erabiliko nuela positibo hitza, baikor hitza, gehienak ibiltzen deguna. Jendeari gustatzen zaio bere aldeko onak, alderdi onak eta ez trapu zaharrak astintzea. Batzuetan betiko bezero bat ikusi eta konturatzen zara animatu beharra dela. Igual hasten da bere historia tristeak kontatzen eta orduan bai, animatu, komentatu, distraitzen saiatzen zara.

Eta lana bukatutakoan zer? Kuadrila izango duzu, ba!
Ixteko ordua zortzitan dut. Eta askotan azkeneko bezeroarekin ordu bete igual kontu kontari. Je, je! Orduan lasaitasuna jartzen zaizu eta ez zaizu iruditzen presa duenik eta orduan aguantatzen duzu lasai lasai. Bezeroa lasai eta ni ere lasaiago, presarik gabe. Orduan askatu egiten gara, batzuetan. Lehenago, garai batean, txikiteatzen genuen, baso erdi batean ibiltzen ginen, baina bakoitza,.. , bat erdi gaixo, beste batzuei kalte, bestea lan berandu,.. utzi genuen eta kitto. Hala ere, kuadrilarekin astean behin egiten dugu afari bat.

Zure orrazi-guraizetik ikusita,euskaldunok ez al gara lotsati edo itxi samarrak?
Bezero euskaldunak oso lotsatiak dira. Eta, uste dut dauden lotsatien artean lotsatiena neroni naizela. Ahalik eta konfiantza lortu arte, ez naiz irekitzen eta hor gabiltza. Konfidantza hartutakoan, badakizu, orduan, bai, bukatzen ez dena. Oso itxiak gara. Agian deskonfidantzagatik, pixka bat. Hori ez dago aldatzerik.

Eta modak. Egun bizarra edota bibotea moztu edo apaintzeko aukera handiegirik ez? Asko aldatu omen da ilea eramateko eta mozteko era. Onerako? Askotan aholkuren bat eman beharko duzu. Kasurik bai?
Ez. Zer esango dizut, ba. Moda bezeroaren gustua egitea da. Lana ondo egitea ere bai. Gaurko egunean erreziklatzea da, nire ustez, inportanteenetariko bat. Hor badaude kurtsoak eta horiek egin beharra daude. Beti joaten gara pixka bat preparatuz eta azken batean ze lan egin behar duzun jakitea da. Eta, gogoan dut, hemezortzihogei urte nituela, orduan bazegoen talde bat, “Los betles”, eta ile luzeak eramaten zituzten. Pelukero asko hasi ziren ile luzeak mozten eta bezero guztiek alde egin zien eta pelukeri asko itxi ere bai. Gero hasi ginen ba kurtsoak egiten, preparatzen, reziklatzen, bai korte navajan, eta handik aurrera ba gauzak aldatu egin ziren.

Ze bezero mota nahiago izaten duzu, betikoak, berriak?
Betiko bezeroak dira nire gustuko onenak. Haiek badakizu ze gustu dituzten, ze lan egin behar zaien. Baina nire gustukoenak ume edo gaztetxoak dira. Horiek pixka bat zirikatzen badituzu, izugarrizko terapia sortzen dizute. Eske, hitz egiten dizute errealitate batekin ta ez dira garai bateko umeak bezala harrotzen eta une batzuetan pasatzen dituzu momentu oso onak. Normalean amekin dabiltza, espabilatzen hasi arte, hamar, hamabi urte arte, hortik gora pixka bat lotsatzen hasten dira ta gizontasuna hartzen ta... Baina txikitan kontatzen dizkizute sekreto guztiak, bai familikoak ta amak askotan lotsatuta ere gelditzen dira.

Zuk seme-alabarik, bilobarik bai?
Seme bat. Biloba oraindik ez. Semeak hogeita zazpi urte eta oraindik ezkondu gabea, neska batekin ibiltzen da, baina. Semeari ofizioa erakusteko gogoa izan nuen eta ekartzen nuen pelukeriara. Ez alperrik!

Berriro Alkizako semea villabonatar bihurtuaren bizipenetara buelta emanez, gustura hemen? Kaleko edo herri txikiko giroa; zein nahiago?
Villabonan antolatuta gustura nago. Baina herria, etxea, jaiotako etxea asko gogoratzen det, asko. Harek ematen dit holako pena bat. Baserri hura gurea ez izateak izugarrizko pena ematen digu.

Beraz, oraindik baserria, baserritar bizimodua oso barneratuta eramaten duzu.
Ba bai, ni oraindik joaten naiz. Alkizara joaten naiz, baina Alkizara baino nire jaiotako etxera joaten naiz gehiago. Nire lagun batek erosita dauka gainera, kasualitatez, eta haren bitartez baserrira askotan joaten gara. Txikitako oroitzapen politak izaten dira. Hamaika, hamabi urte arte han bizitu nintzan eta nahiz eta hura gogorra izan, oso oroimen onak dauzkat baserriko garaikoak. Oso onak dituk. Urtean behin familikoak bazkari bat egiten dugu taberna batean, ta beno, hor gabiltza.

Eta gure hizkuntza, euskara, arriskuan ikusten al duzu egoera berri honetan?
Gure hizkuntza, euskara eztago arriskuan, nire ustez. Nik uste dut gure herri txikietan bizitu diren ume erdaldunak, Asteasun adibidez, etorkinak larogeian etorritako umetxoek, umeek, guk bezala euskara ikasi dute. Gurasoak ez, gurasoak hor sartzea zaila da; baten batek igual ikasiko zuen, baina zaila da. Baina umeak, gu bezala. Asteasun ta Larraulen dauzkadan bezero koskor horiek, aurten komunioa egiteko hemen dabiltzanak, gurasoek eztakite eta umeak, berriz, guk bezala egiten dute euskaraz.

Eta hori eskolari esker?
Eskola bakarrik ez, gero jolasteko giroa. Nik uste dut jolasteko giroa dela hor gehien bat. Eskoletan umeak ikasten dute eta badakite eskolan defenditzeko heinean, baina hango jolasteko giro hori, hori da nik bilatzen dudana euskara ikasteko modua.

Eta erretiroa noizko? Gogorik bai?
Beno, ba, hirurogei ta bat urte dauzkat eta nire bizitza guztian lan egin dut eta oraindikan hirurogei ta bost bat urte arte pentsatzen dut ba segitzea. Gero eztakit zer pasako den.

Arpide zure jaiotetxeko oroitzapen bereziren bat baduzu?
Bai, nire umetako oroitzapenetara noa, jaoitetxea oso frutalekoa zen eta han fruta asko genuen. Ni mutil koskorra nintzala, gure ama zenak bere bizimodua uste dut ateratzen zuela fruta salduta. Gerezia, arana, udare, sagar asko, denetatik zen, eta bakoitza bere garaian. Orduan trenean Donostiara joaten zen saltzera. Fruita bere zestotan, bakoitzean klase klasekoak, gainetik serbilleta eta lista batekin preparatzen zuen txukun txukun. Nik eta gure familikoak laguntzen genion, jartzen zituen sei edo zortzi zesto, haiek denak batera ezin ziren ekarri, banaka ekarri behar ziren, zapaldu gabe Villabonaraino. Goizean sei terditarako etortzen ginen. Etxera joan, gosaldu eta Alkizara bederatzitarako eskolara.

Horrela bukatu genuen solasaldia. Eskua eman eta han utzi nuen, goizeko aurreneko bezeroen zain, lasai, irribarrez, dotore. Villabonatar bihurtua, baina, Alkizako kutsua berrogei urte pasa ta gero kendu ezinik, gure herriko enbajadorea.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala