edukiak
edukiak

EditorialaEditoriala

Kantatzea gustokoa dugulako

Amixuri Kantuzaleak

irudia

Oilategik eskaintzen duen leiho honetatik burua ateratzeko aukera eman digutenez, gure burutapenak kontatu nahi dizkizuegu.

Badira hiru urte astero biltzen hasi ginela, asmo xume baten inguruan eta orduez geroztik, gutaz hitz egiten den bakoitzean, herri mailan, koru edo abesbatza titulua ematen digute. Ideia honen inguruan doa burutapena.

Gure asmoa ez da inoiz izan abesbatza formal bat eratzearena, baizik eta kantuzale talde bat osatzearena. Baina ez edozein eratako kantuzaleak, euskaldun kantuzaleak, hori baita kide guztiok txikitandik edan dugun iturria. Nork ez ditu buruan, gure ospakizunetan, mahai inguruan entzun eta abesten genituen Pello Joxepe, Aitorren Hizkuntza Zaharra, Ixil-Ixilik dago, Boga-Boga...

Euskaldunok, beste hainbat herrik bezalaxe, abesteko ohitura handia izan dugu, baina teknologiaren eta ongizatearen gizartearekin batera, hegoaldean bereziki, telebista eta musika ekipoak izendatu ditugu gure ordezkari. Horixe da, gure eskuetan dagoen neurrian, zuzendu nahi genukeena.

Zorionez, euskal lurralde guztietan ez da gauza bera gertatu eta badugu nora begiratu. Iparraldean mantentzen diren hainbat ekimenetan hain zuzen ere hala nola kantu bazkariak, kantu jirak, .... Horretaz aparte, gure inguruan erabat galdu ez diren hainbat ospakizun ditugu eredu: Gabonak, Santa Ageda, Inauteriak, San Martin koplak...

Aipatutakoa aurrera ateratzeko asmoz, dozena bat herrikide elkartzen gera astero eta entsaio formaletaz aparte, 20:30etik 22:00etara bitartean, posible dugunok, errugbizaleek hirugarren zatia deitzen diotena ospatzen dugu Elizegin, Jexuxek hitz egingo balu...

Ez genuke burutapen hau bukatu nahi, herritar guziei gonbidapena luzatu gabe eta entsaioetan zein aurrera eramaten ditugun ekintzetan oso ondo pasatzen dugula azpimarratu gabe kantatzea gustokoa dugulako.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala