edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Pedro Manuel Sorarrain

Sonia Artuzamonoa

irudia
Pedro Manuel Zelatunen, bere aita zenaren omenaldi-plaka jaso zuenean.

Denok dakizuen bezala aurtengo apirilaren 7an gure artetik joan zaigu Peru Baserriko Pedro Manuel Sorarrain Amonarriz, 86 urte zituela.

1922garren urtean etorri zen Zizurkildik Alkizara bere familiarekin, 2 urte zituela, bere aitak Peru Baserria erosi eta gero. Bere ume eta gaztetako urteetan eskolara joatea eta baserriko lanetan aritzea tokatu zitzaion, hala ere bera oso gustora izaten zen; basoko lanak eta egurrekin lana egitea asko gustatzen baitzitzaion (kirtenak, eskuareak, txondarra egitea eta abar.) 18 urtekin gerrara joatea tokatu zitzaion: 2 urte Afrikan eta 5 hemen pasa zituen. Gerran denboraldi hau pasa eta gero Peru baserrira bueltatu zen eta handik urte batzutara, bere emaztea izan den Juanita etorri zen, 13 urterekin Perura neskame. Bertan ezagutu eta gero ezkondu egin ziren. 57 urte elkarrekin pasa zituzten eta honen ondorioz 16 seme-alaba izan zituzten eta iloba mordoa. Ezkondu eta gero ere bere bizia beti murgildu da baserriren inguruan: baserriko lanak, ganaduak, txondarra, basoa... Basoko lanetan ibili ohi zen gustora eta beti kontatzen zuen; behin basoan lanean ari zela hanka puskatu zuela eta ahal zuen bezala oinez etorri zela etxeraino eta gero gurdi gainean eraman zutela medikuarengana.

Azkeneko urte hauetan “Oilategitik” aldizkarirako sarri egin zaizkio elkarrizketak eta egia esan beti egon da guri laguntzeko prest eta beti zuen anekdotaren bat guri kontatzeko. Hauek dira hauetako batzuk:

Pello Joxe Aranburuk egindako elkarrizketa baten zati bat:

Alkizan azkenik erre edo hustu egin diren baserrien zerrenda bat egingo zenuke?
Arritza taa erretzen ikusi izkit Litsaso bi bizitzak.

Litsaso bai e!
Bai

Ze urtetan eo? Hola arrasto bat.
Ua.

Ez da inun azaltzen noiz erre zan.
Esango itpa, nee ama il uan “treintan”, taa nee ama ta Litsasoko Andrea, oi lanbata uan, lanbat atsaldia erre uan, nee ama ta Litsasoko Andrea Tolosatik etxea traturik biyak alkarrekin, ta kia ta ikusten zuela kia ta Alkizan etxia erretzen emen zeola, ta Lizarzelai zala.

Uste!
Lizarzelai zala ta beste batzuk Litsaso zala, ta ua argi etorri Andrea, ta arek emendik zioazen eskolaumei galdetu topo eittian, Aranan, ea Plazatik ikusten ote zan, ta bai ikusten zala. –Guria den, Litsaso den, Litsaso den-. Litsaso, orden, mila bederatzereuntaaa ogeitaa zazpi edo. Au besteik ez emen zin esan, umeak eta attona, attona zaarra deskuidatua izango uen.

Imanol Lizardi eta Jose Mª Aranzabe txondarrari buruzko elkarrizketan kontatutako anekdota:

Eta zer suposatu zuen bukaera honek baserrietako ekonomiarentzat?
Honen inguruan anekdota bat kontatu behar dizuet. Gure etxean 11 litroko marmita genuen, eta Otsamendiko Segundori eramaten genion, eta hark bere arrebari, saltzeko. Litroa 2 pezetatan saltzen genuen, beraz, 11 litrorekin 22 pezeta jasotzen genituen. Nire anaiak, berriz, fabrikan lanean egun osoa pasa ondoren 9 pezeta baino ez zituen eskuratzen.

Horrelako anekdota asko kontatu ohi izan zituen, beti hitz egiteko eta laguntzeko prest. Baino aurtengo San Martinetan ezin izango dugu esan “Peruko Pedro Manuelek erretako gaztainak jan ditugu”, baina bai esan dezakegu: “Goian Bego Pedro Manuel”.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala