edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Mendi lurren inguruko gogoeta

Mari Jose Sanchez Plaza, idazkari ohia.

irudia

Hainbat izan zarete Udaletxera gerturatutakoak Alkizako mendietan zehar dituzuen lursailengatik galdetuz. Katastroko plano zaharkituetan begiratu eta non ote dauden kokatuta asmatu nahiean ibili gara behin eta berriz.

Badira oraindik Ernio azpiko Alkizako mendi eta zelaiak batetik bestera ezagutzen dituztenak, baina beste herrietan gertatzen ari den bezala ezagutza horiek galtzen ari dira, behar bada beste batzuen trukean, baina ezin uka liteke etorkizun hurbil batean sailak galduta geratzeko arriskua dagoela. Aitonak bazekien non aurkitzen ziren diote batzuek, baina badakizu denborarekin … . Garai batean aberastasunaren zeinu izandako lurrak dira gaurko egunean hainbat buruhauste dakartzatenak eta txukun mantendu nahia karga bat bihurtu da bere jabeentzat.

Urtetik urtera garaiz eta behar bezala landa ondasunen gaineko zerga edo ezagunagoa zen rustikako zerga ordaintzen duten herritarrek Udaletxeari galdetzen diote mendietan dauden lursailen kokapenaren berri. Udalak aldiz zerga ikuspuntu hutsetik jasotako informazioa du, katastroko planoetan azaltzen dena, eta ez du inolako zeresanik partikularren jabetza eskubidearen eremuan.

Aurreko hausnarketen inguruan, landa-lurrekin zerikusia duen gai bat aztertu nahi nuke oraingoan, Alkizarrontzat interesgarria izan daitekeela uste baitut. Udaletxean eman nituen bi urteetan herritar batek baino gehiagok kontsulta egin zuen mendi-lurrak banatzeko edo segregatzeko aukerari buruz eta ondorengo lerroetan gai honi buruz lege eta arauetan jasotakoak azaldu nahi nituzke.

Hirigintza partzelazioa edo segregazioa deritzanak ondorengo egintzari egiten dio erreferentzia: Erregistroko unitate edo finka batetik azalera zati bat banatzea erregistroko unitate edo finka berri bat sortuz.

Segregazio egintzak bai lur hiritarrean (urbanoan) zein lur hiritarezinean (rustikoan) burutu daitezke. Aurreneko kasuan herriko planeamenduko arauek lursail horietarako aurreikusitako antolamendua aintzat hartu behar da. Lur hiritarezineko sailetan aldiz, lege eta arauek ipinitako mugak errespetatu beharko dira, hurrengoak hain zuzen ere:

1.- Laborantzako gutxieneko unitatea

Landa eremuko lursail batek eduki beharreko gutxieneko azalera da nekazaritzako jardueraren ikuspuntutik. Erkidego Autonomo bakoitzak finkatzen du zenbatekoa behar duen izan laborantzako gutxieneko unitateak eduki beharreko azalera, bai ureztatutako zein lehorreko lursailentzat.

Eusko Jaurlaritzak 168/1997 Dekretuaren bidez Gipuzkoan gutxieneko unitateak hektarea batekoa, hots, 10.000 metrotakoa, behar zuela izan arautu zuen, bai ureztatutako zein lehorreko lursailentzat. Bizkaian aldiz 7.500 metrotan dago finkatuta eta Araban hektarea batetik hiru hektarea bitartean, eskualde bakoitzaren arabera.

Landa eremuko lursail bat banatu ahal izateko laborantzako gutxieneko unitatea errespetatu beharra dago, hau da, jatorrizko sailak eta sortuko diren sail berriek ere gutxienez 10.000 metrotako azalera eduki beharko dute. Beste modu batean esanda, Udalak ezingo ditu baimendu laborantzako gutxieneko unitatea errespetatzen ez duen lursailen segregaziorik. Udala legeak aurreikusitako baldintzetara lotetsita dago herritarrek egindako segregazio eskaerak onartu edo ukatzeko garaian./p>

Herriko planeamenduko arauek lursailek eduki beharreko gutxieneko azaleraren araua zorroztu dezakete azalera handiago bat eskatuz, baina inola ere ez salbuetsi. Alkizako Planeamenduko Arau Subsidiarioek esaterako, baserriarekin mantendu beharreko gutxieneko sailak bi hektareatakoak behar dutela aurreikusten dute.

2.- Salbuespenak

Edozein araurekin gertatu ohi den bezala, laborantzako gutxieneko unitatearen arauak baditu bere salbuespenak, hurrengoak dira hain zuzen ere:

  • Landa unitate edo finka bati azalera zati bat kentzeko aukera dago, nahiz azken honek gutxieneko unitatearen hedadura ez izan, baldin eta ondoan dagoen sailari eransten bazaio eta azken honek 10.000 metrotako azalera eskuratzen baldin badu.
  • Banaketaren ondorioz sortuko den sail berriak ez du laborantzako gutxieneko unitatearen azalera eduki beharrik izango, baldin eta eraikuntza iraunkor bat jasotzera bideratzen baldin bada, nekazaritza, industria zein bestelako erabilera izango duena eta, beti ere, hirigintza legediak eskatutako baimen guztiak eskuratu baldin badira bere eraikitzerako.
  • Landa-lurraren banaketa eskatzen denean beste batek bere jabetzakoak diren sailetara sartzeko duen eskubidearen egikaritzaren ondorioz.
  • Nahitaezko desjabetzapen (expropiación) baten ondorioz gertatzen denean.

3.- Prozedura

Hirigintza partzelazioa edo segregazioa egiteko jarraitu beharreko prozedura ondorengoa da:

Lehenik eta behin, segregazio baimena lursailak kokatuta dauden herriaren Udaletxean eskatu behar da. Eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira sailen jabetza agiriak edo eskriturak, lursail berrien azalera, deskribapena eta mugak jasoko dituen agiria, eta ahal baldin bada plano bat.

Behin udal baimena eskuratuta segregazioa Notario aurrean formalizatu beharko da dokumentu publikoan. Azkenik, eskritura Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da eta ondoren eskrituraren kopia bat Udaletxean aurkeztu.

4.- Atzera egiteko eskubidea

Laborantzako gutxieneko unitatera iristen ez diren lursailak, hau da 10.000 metrotatik beherakoak direnak, besterendu edo saldu nahi direnean lehentasunez eskuratu edo erosteko eskubidea izango dute sail horien ondoan dauden lurren jabeek.

Azken horiek bat baino gehiago direnean 10.000 metro baino azalera handiagoa duten sailen jabeek edukiko dute eskubidea, eta azken talde honen barruan azalera txikiena duen sailaren jabeak.

Atzera egiteko eskubidearen egikaritzaren ondorioz lursail bat eskuratzen badin bada, ezingo da 6 urteetan besterendu edo saldu.

5.- Zer egin liteke landa eremuko lursail bat legez banatu ezina denean?

Adibide bat jartzearren, horrelako egoera baten aurrean aurkitu gintezke jaraunspen (herencia) bat oinordeko (heredero) ezberdinen artean banatu behar denean.

Egoera honetan ondasuna, lursaila, banatu ezin denez, oinordeko guztien izenean mantentzeko aukera legoke nahiz eta azalera zati bakoitzaren erabilera pribatiboa banatu, jabetza horizontaleko araubidearen bitartez.

Egungo legediak sailak banatzeari ipinitako mugak duten helburua landalurrak gehiegi ez zatitzea da, sortzen diren lursail berriek hedadura oso txikia edukiko luketelako eta erabilgaitzak eta denboraren eraginez topaezinak bihurtuko liratekelako.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala