edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Joan den urteari begira 2007

Jose Mari Aranzabe eta Imanol Lizardi

irudia
Asto lasterketa.

Oilategitik-en 6. alea argitaratuz geroztik, Alkizan izandako gorabeherei gain begiradatxo bat eman nahiko genieke sail berri honetan. Argazkiak ere sartu nahi izan ditugu. Dena den, seguru gaude hemen aipatu beharreko hainbat eta hainbat ekitaldi, gertakizun edo dena delako, aipatu gabe geratuko direla. Barkatzen jakingo duzuela espero dugu. Argazkiak zenbait herritar eta lagunek emanak dira: Pello, Nuñez, J. Ignacio, Etxabe eta Altzorbe baserriak, Aitzol, Itsaso…, eta bereziki Lorea Agirre.

ALKIZAKO JAIAK
Eguraldiaren laguntzarekin, giro ezin hobean igaro ziren iazko jaiak. Ostegunez eman zitzaien hasiera haur jolasekin, eta igande gauean Imuntzo eta Belokiren eskutik amaitu ziren. Dena primeran joan zen arren, azpimarratzekoa da larunbat gaueko herri kirol saioan bildu zen jendetza. Bertso-saioa ere bikaina izan zen, eta ustekabe handienetakoa asto lasterketa izan zen, ikusleek zein partaideek ikaragarrizko barre-algarak egin baitzituzten. Gaztetxoenek ere primeran pasatu zuten igande arratsaldean gaztelu puzgarriekin. Azpimarratzekoa da herriko beteranoen arteko pilota txapelketako finalak eragin zuen ikusmina. Gainera, finala ikaragarria izan zen joko aldetik.

IKASTAROAK MARTXAN
Urrian, urtero ohi den moduan, ikastaroak jarri ziren martxan. Haurrentzat, ludoteka, pilota, kirola ezagutuz, eta eskulanak. Helduentzat, berriz, soinketa eta eskulanak. Hauek dira ikastaroetako alkizarren partaidetza datuak:

  • Eskulanak: 4 urtetik 8 urte bitarte: 4 ume.
  • Kirola Ezagutuz: 4-9 urte bitarte: 11 ume.
  • Ludoteka: 3-7 urte bitarte: 7 ume.
  • Esku pilota: 4- 11 urte bitarte: 7 ume.
  • Euskal dantza: lehenengo hiruhilekoan: 13 lagun.
  • Bigarren hiruhilekoan: 8 lagun.
  • Photoshop Alkizan: 12 lagun. Hauetatik 5 alkizarrak.
  • Sukaldaritza Adunan: 16 lagun. Hauetatik 1 Alkizakoa.

60 URTETIK GORAKOENTZAT
Udalak 60 urtetik gorako pertsonek dituzten beharrak aztertzeko ikerketa bat egin zuen urrian zehar, Kristina Trapero teknikariaren eskutik. Galdeketa egin zitzaien euren iritziak eta beharrak ezagutzeko.

JUBILATUAK ERRIOXARA
Irailaren 27an, Arabar Errioxara joan ziren herriko jubilatuak, Aiztondokoekin batera. Goizean Haro ikusi ondoren, “Rioja Santiago” bodegak bisitatu zituzten. Ondoren, Labastidan bazkaldu, eta arratsalde-pasa Biasterira (Laguardia) joan ziren.

ARGAZKIEN RALLYA
Urriaren 29an, igandea, Aiztondoko 3. Argazki Rallya ospatu zen, Larraul, Alkiza, Aduna eta Zizurkilgo muga barruetan.

DIRULAGUNTZAK
Alkizako Udal Batzarrak 2006 urteko urriaren 31n egindako ohiko bilkuran, "Alkizako herritarrei 2006-2007 ikasturteko kultura, kirola, musika eta euskararen inguruko jarduerak egiteko dirulaguntza deialdiaren oinarriak" onartu zituen. Horrela, interesdunek eskaerak egin eta laguntzak jaso dituzte urtean zehar.

EHIZTARIAK HASERRE
Urria eta azaroan zehar haserre agertu ziren herriko ehiztariak. Urtea txarra izan omen zen oso euren interesetarako, ez baitzen apenas usorik pasa herriko uso paradetatik.

SAN MARTIN JAIAK
Eguraldiak mehatxua egin bazuen ere, giro ezin hobean ospatu zen San Martin eguna Alkizan. Arratsaldeko 4:30ean haur jolasak izan ziren, bertan haurrek eta dagoeneko hain haur ez direnek parte hartu zutela. Oparitxoak denentzat izan ziren. Ondoren Toka txapelketa izan zen. Osaba-ilobak izan ziren garaile. Javier Gorostidi izan zen txapeldun helduen artean, eta Igor Gorostidi gaztetxoen mailan. Meza ondoren, afaria edo txerri-jatea izan zen frontoian. Ehun eta berrogei lagun inguru bildu ziren bertara, eta jateko gogoa bazegoen ere, ekarritakotik sobera geratu zen batez ere txerri saiheskia. Abesbatzak kantuan jardun zuen arratsalde, afalordu eta gauean. Alkizarrez gain, baziren Asteasu, Aduna eta beste zenbait herritako lagunak. Afalostean, Mus eta Eskoba txapelketa izan ziren. Musean Javier Gorostidik eta Luis Nuñezek irabazi zuten, eta eskoban berriz, Asier Saralegik eta Mikel Lopezek.

VODAFONEREN ANTENA
Vodafone enpresak martxan jarri zuen Telefono mugikorren antena herrian, azaroaren 7an.

JUBILATUAK SANTA LUZIARA
Zumarragako ferira joan ziren jubilatuak abenduaren 13an. Goizean bueltatxo bat eman ondoren, Loiola hotelean bazkalduko zuten. Bazkaldu ondoren, Oriora joan ziren, hango goiko kalean buelta bat ematera.

OSTATU JATETXEA ITXI ZEN
Lau urte eta erdi igaro ondoren, abenduan itxi zituen ateak Ostatu Jatetxeak. Denbora horretan Ibarbia ahizpek kudeatu zuten. Abenduaren 16an, mokadu batera gonbidatu zituzten hurbildu nahi izan zuten guztiak.

OLENTZEROREN ETORRERA
Azken urteetan astoarekin gorabehera handiak izan eta gero, abenduaren 24an, oraingoan bai, astoarekin azaldu zen Olentzero Alkizako Plazan, txiki eta handien gozamenerako.

POSTRE LEHIAKETA
Aspaldiko urteetan ohitura den moduan, azken Gabonetako oporrak hartu ondoren bazkaria izan zen Alkizako eskolan. Bazkari honetan gurasoak gonbidatuak izaten dira eta ikasleak eta irakasleak sukaldari lanetan aritzen dira. Berezitasunik nabarmenena, postre garaian egiten den tarta lehiaketa izaten da bazkari horietan. Iazkoan ere ez zen emoziorik falta izan, eta aurkeztutako guztiak bikainak ziren arren, Ana Isabel Eizmendirena (Martinen ama) izan zen irabazlea.

TORTILLA LEHIAKETA
2005ean bezala, 2006ko abenduaren 28an Tortilla lehiaketa egin zen gizonezkoentzat. Irabazlea Gillermo Otegi izan zen eta bigarren sailkatua, berriz, Javier Gorostidi.

SAHARARRENTZAKO JANARI BILKETA
Urtarrilaren 25a bitartean "Piztu itxaropena" kanpainaren barruan, janaria bildu zen herrian Saharako errefuxiatuen kanpamentura bidaltzeko. Aurten bildutakoak, azukrea, atuna, arroza, lentejak eta konpresak izan ziren. Arrakastatsua gertatu zen ekimena.

KANTU IKASTAROA
Urtarrilaren 26an hasita, Kantu ikastaroa egin da Alkizan Josema irakaslearen gidaritzapean. Hamar bat herritarrek hartu du parte, eta gustura baino gusturago aritu izan dira bertaratu direnak.

IPUIN KONTALARIA
Otsailaren 26an, Rai Bueno, ipuin kontalaria izan genuen Kultur Etxean, arratsaldeko 5etan.

HAURTZAINDEGIA
Otsailaren 22an egin zen Kultur etxean bilera interesgarria haurtzaindegiaz. Perualdeko eraikuntza batean jarriko da martxan haurtzaindegi hori, eta herritarrek interes handia azaldu dute horretan.

PERUALDEAN ERABILERA BAIMENA
Perualdea urbanizazioko 2, 3, 4, 5 eta 6 zenbakietako etxeei lehen erabilera baimena eman zitzaien otsailaren 27ko Udal batzarrean. Hori dela eta, eskatu zitzaien bertako biztanleei lehen bait lehen errolda aldaketa egitea.

KZGUNEKO IKASTAROAK
Martxoaren 5ean, "zeure finantza erakundearekin lan egin 1" ikastaroa izan zen KZgunean, eta martxoaren 19an "komunikatu posta elektronikoaren bitartez", izenekoa.

EMAKUMEEN EGUNA
Azken urteotan bezala, Alkizan Emakumeen eguna ospatu zen aurten ere. Eguna martxoaren 8a den arren, larunbatean, martxoaren 10ean, egin zen afaria Otsamendi tabernan.

GIZON BAT HIL ZEN FRONTOIAN
Apirilaren 8an, eguerdiko ordu bata aldera, gertakizun triste eta ezohikoa ikusi genuen herriko frontoian. Berrogeita hemezortzi urteko gizon bat, pilotan ari zela, zerraldo geratu zen. Geroago jakin izan genuen "aorta" arteria lehertu zitzaiola. Lehenagotik ere osasun arazoak omen zituen. Anbulantziak, ertzaina, jueza, alkatea eta gainontzekoen presentzia ez zen falta izan.

JUBILATUAK ZARAGOZARA
Apirilaren 25ean, Zaragozan izan ziren herriko jubilatuak. Goizeko7,15ean irten ziren Alkizatik. Goizean, Aljaferia jauregian, La Sen katedralean eta Pilar basilikan izan ziren, hango turismo-gida batekin. Goya hotelean bazkaldu ondoren, hiria bisitatzen izan ziren.

PEDRO MANUEL SORARRAIN JOAN ZITZAIGUN
Apirilaren 7ko goizean betirako joan zitzaigun Peru baserriko Pedro Manuel Sorarrain Amonarriz, 86 urterekin. Azkenaldian, pattal samar zebilen arren, ustekabe handi eta tristea izan zen familiar eta ezagun guztientzat. Pedro Manuel oso ezaguna, maitatua eta ospetsua zen herrian.

KONPOSTA EGITEKO KANPAINA
Etxeetako konpostatze kanpaina hasi zen apirilean eskualdean. Tolosaldeko Mankomunitateak, Garapen Iraunkorrerako Departamentuaren laguntzaz, lorategia edo gune berdeak dituzten etxeetan konposta sortu eta erabiltzea sustatu nahi zuen. Alkizan behintzat, lortu zuela esan genezake, oso harrera ona izan baitzuen ekimen honek.

UDALEKUETARAKO BEGIRALEAK
Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak, ekainaren 25etik uztailaren 20a bitartean egingo diren Udaleku Irekietarako begiraleen hautaketa-deialdia egin zuen apirilaren bukaeran. Aurkeztu ziren herritar gazte batzuk, eta aurtengorako Nagore Sagastume eta Julen Hernandez izan ziren aukeratuak.

HAURTZAINDEGIAN IZENA EMATEA
2007ko maiatzaren 17tik 31ra bitartean, haurtzaindegian izen emateko epea izan zen zabalik. Sei haur daude izena emanda.

SAN ISIDROTAKO ASTE KULTURALA
Maiatzaren 11, 12, eta 13an ospatu zen aurtengo San Isidrotako Aste Kulturala. Ostiralean (hilak 11) hasi ziren ekitaldiak Encarni Genuaren Txotxongiloekin. Gauean. Kepa Fernandez de Larrinoak Ekuadorreko Amazonaseko "Cofan" tribuari buruzko erreportaje xarmanta eskaini zuen. Ostiralean ere, Argazki erakusketa zabaldu zen. Igandean, Mendi martxa izan zen goiz osoan zehar, Aiztondoko Argazki Rallyarekin batera. Ondoren, kantu bazkari berezia izan genuen frontoian. Herrikoez gain, inguruko herrietako zenbait kantu zale ere, bildu zen. Ez zen jakirik falta izan, ez eta mota guztietako kantu hotsik ere, ondorenean. Arratsaldeko 6etan, Musika kontzertua izan zen Kultur etxean Garikoitz Mendizabal txistularia eta Aitor Furundarena soinujolearen eskutik.

Asteburu osoan zehar, Koldobika Jauregik prestatuko "Kokoriko" izenekoaren irudia egon zen Plazan. "Kokoriko" jai hauetako irudia bihurtzea da antolatzaileen nahia.

OSTATU JATETXEA BERRIRO MARTXAN
Ekainaren 12an zabaldu zituen berriro ateak Ostatu jatetxeak. Mokadu goxo bat izan zen bertaratu nahi izan zutenentzat. Maria Jesus Alfonso da arduradun berria. Hormak beste kolore batez margotu dituzte, eta horrez gain, aldaketa nagusia komun berriena izan da. Komunak dotore eta egoki geratu omen dira erabiltzaile batzuen hitzetan.

KUTXAZAIN AUTOMATIKOA
Ekainaren 18an jarri zen martxan Udaletxearen beheko solairuan Kutxa entitateko kutxazain automatikoa, hainbat herritarren mesederako.

ARGAZKI RALLYKO SARI BANAKETA
San Juan egunean, 19:00etan, Aiztondoko IV. Argazki Rallyko Sari banaketa izan zen kultur etxean. Bertan, 28 argazkilarik hartu zuten parte eta irabazlea Aitzol Etxegoien lasarte-oriarra izan zen. Argazki erakusketa eta bideozko argazki emanaldia ikusgai egon ziren 18:00ak ezkero.

SAN JUAN SUA
Azken urteetako usadioari jarraituz, aurten ere urteko gaurik luzeena omen den horretan, San Juan su bikaina piztu zuten, udaletxearen atzealdean. Arratsaldean zehar herritarrek erregaiak eraman zituzten, eta 9ak aldera afarimerienda ederra dastatzeko aukera izan zuten bertaratutako guztiek. Txikienen ustekaberako, buruhandiak agertu ziren bat-batean. Ondoren, hamarrak eta erdiak aldera, Jose Ignacio Gorostidik (ohi duen moduan) sua piztu zuen. Gero, kantak, dantzak eta saltoak izan ziren goizaldera arte. Herritarrek gustura ospatu zuten aurtengoan ere, egun seinalatu hau.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala