edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Gure piztiak

Inaki Irazabalbeitia

irudia
Azkonarra gautarra da (R. A. Hill)

Azkonarra (Meles meles)

Animalia handia eta ugaria izanik ere, oso zaila da aurrez aurre ikustea. Tabernaren batean ikusitako ale disekaturen bat aparte lagata, behin baino ez dut bertatik bertara ikusi: iaz Anoetako bideak auto batek hilda. Inpresioa sortzen du. Txakur baten tamaina har dezake, 80 cm-ko luzera bitartean. Altua ez da oso, ordea, hankak motzak dituelako. Behin ikusita, hala ere, ez duzu inoiz ahaztuko, begien zehar buruaren ilaje zuriaren gainean dituen bi marra beltzek zorroz mozorrotutakoa baten itxura ematen diote.

Azkonarra mustelidoen familiakoa da, erbinudea edo lepazuria bezala. Horiek bezala gauez ibiltzen da eta egunez lurrean eginiko zuloetan ezkutatzen da. Omniboroa da, hots, denetarik jaten du lurpeko animaliak (zizareak, intsektuak eta narrasti txikiak) eta landareak jaten ditu nagusiki. Baso zikina eta sastrakak ditu gogoko eta horietako gero eta gehiago dago gure inguruan. Beraz ugaria izatea ez da harritzekoa jatena eta ezkutalekua eskura baititu gure mendietan.

Emeak otsailean edo martxoan umatzen dira eta normalean 3-4 kume izaten dituzte. Hamalau hilabeterekin heldutasun sexuala erdiesten dute. Taldetan bizi dira eta beren lurpeko bizilekuak handian eta konplexuak izan daitezke. Ingalaterran indusitako batek 879 m-ko galeriak, 50 gela eta 178 sarbide zituen.

Suge gorbataduna (Natrix natrix)

Jende askok sugeak ez ditu gogoko, gaiztotzat eta arriskutsutzat jotzen ditu eta ikusi orduko akabatu nahi izaten ditu. Gure artean suge arriskutsu bakarra sugegorria da, gainerako guztiak gizakiontzat arriskurik gabeak direlarik. Horrelako da gaur hona dakargun sugea. Kolore ilunekoa izaten du sorbalda eta argiagoa sabelaldea. Lepo aldean kolore hori edo zuriko koilarea izaten du, bereziki nabarmena ale gazteetan.

Ikusitakoan beldurra eragin dezake, metro eta erdiko luzera bitartean izan dezakeelako. Ez izan beldurrik, dena den! Ez da pozoitsua, baina harrapatuz gero ustekabe ezatsegina izango duzu, oso usain txarra jariatzen duten guruinak baititu.

Euskal Herrian arrunta da. Lehorrekoa izanik ere, uraren inguruan bizi da. Neguan hotz handia eginez gero, hibernatu egiten du. Emeek udaberrian arrautzak erruten dituzte eta oso gogoko izaten dituzte simaurra edo usteltzen ari diren landare-piloak toki beroak direlako. Kumeak handik 7-8 asteetara jaiotzen dira. Suge gorbatadunek anfibioak (igelak, uhandreak eta apoak) eta ugaztun txikiak (saguak eta satitsuak) jaten dituzte. Baserritarren laguntzaileak dira beraz. Etsaien artean gizakiaz aparte, gorago aipatu dugun azkonarra dute.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala