edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Alkizako pilota kronika

Mikel Gonzalez-Etxeberri

irudia
Erniope elkarteak antolatutako txapelketako finalista guztiak.

Iazko festaz geroztik, Alkizan edota alkizarrek burututako pilota jarduna kontatzeko asmoz abiatu dugu kronika hau. Hasierarik egokiena Erniope Pilota Elkarteko arduradun eta entrenatzailea den Luis Mari Sorarrain Lasarekin ematea dela iruditu zaigu. Peru baserrian jaioa eta Intxaurraundin bizi den pelotazalearen eskutik jaso dugu kronika honen ardatz nagusia osatzen duen informazioa.

Festak bukatu bezain pronto entrenamenduei hasiera eman zieten eta 6 kategoria desberdinetako pilotariek, hau da, benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak eta jubenilak beren txapelketa desberdinak prestatzen hasi ziren, asteazken arratsaldero, plaza inguruan, pilota soinua nagusitzen delarik.

Federatu mailan infantilak, kadeteak eta jubenilak Gipuzkoa Kutxa txapelketa, irailetik otsailera bitartean jokatzen dena, eta Udaberri eta Euskadiko txapelketak, urtarriletik martxora jokatzen direnak, prestatzeari ekin zioten. Benjaminak eta alebinak berriz, urritik martxora bitartean jokatzen den eskolarteko txapelketari begira jarri ziren.

Eskolartekoan adunarrak eta alkizarrak (guztira 20 pilotari) batera aritu dira, pilotan jolas izenez ezagutzen den jokamoldean parte hartuz. Federatuek aldiz (guztira 9 pilotari), infantiletan eskuz binaka (bikote bat), kadeteetan eskuz binaka (bi bikote) eta jubeniletan eskuz banaka jokatu dute. Hauen kasuan pilotari guztiak inguruko herrietakoak dira.

Aipatutako txapelketa hauetan kadeteetako bi bikoteek eta benjaminetako bikoteak oso emaitza onak izan dituzte. Horrela benjaminek, Tolosan jokatutako multzoan, ez zuten partidarik galdu. Kadeteek berriz, lehenengo mailakoak, azpitxapeldun suertatu ziren Gipuzkoako eta Udaberri txapelketetan; bigarren mailan aritutakoak, txapeldun izan ziren Gipuzkoako txapelketan eta txapeldunek kanporatu zituzten Euskadikoan.

Txapelketa “ofizialetaz” gain makina bat herritako txapelketetan parte hartu dute Erniope elkarteko pilotariek. Hauek gonbidapenez jokatzen dira eta urte guztian zehar banatuak. Ugariak dira bi partida jokatutako asteburuak, Luis Mariren eta gurasoen autoek hitz egingo balukete!!.

Jarraian doakizue herrien zerrenda eta emaitza aipagarrienak:

Elgeta (4 1/2-koa), Altsasu (kadeteak txapeldun), Irurtzun (kadeteak azpitxapeldun), Añorga, Getari, Tolosako topaketak (benjaminak eta kadeteak txapeldun eta jubenilak azpitxapeldun), HITZA txapelketa (benjaminak eta alebinak txapeldun), Lizarra (alebinak txapeldun, benjaminak azpitxapeldun), Andoain (benjaminak azpitxapeldun), Errenteri (benjaminak eta infantilak txapeldun).

Erniope elkarteari buruzkoa bukatzeko Alkizan ospatzen den txapelketa aipatuko dugu. Udarako sei asteburutan zehar jokatzen da eta gonbidapenez etortzen diren benjamin, alebin, infantil eta kadete mailatako 8 bikote indartsuren arteko lehia ederra ikusteko aukera izaten dugu abuztuan zehar. Amaiera festetan izaten duen txapelketa hau Erniope elkarteak antolatzen du Udalaren eta herriko enpresen laguntzaz. Esan behar aurten ospatuko dena hamazazpigarrena izango dela.

Erniope elkarteak burutzen duen lan azpimarragarriaz gain, herrian beste pilota kontu batzuk ere baditugu eta horiek kontatuko dizkizuegu jarraian. Denentzat ezaguna den Beterenoen arteko Pelota Txapelketari dagokionez esan 2006ko irailaren 8an ospatu zirela XV. edizioko finalak eta irabazleak Antonio Cincunegi eta Julen Hernandez izan genituela. Aurtengokoan gauzak nola dijoazen jakiteko Peruko Aitorrekin hitz egin dugu eta izen emateko epea bukatu denean 14 pilotarik izena eman dutela esan digu. Katalandegiko Xabier eta Peruko iloba den Haritzekin antolaketa taldearen bilera egin ondoren, zazpi bikotez osatutako talde bakarra egitea erabaki dute eta beraz, denek denen kontra jokatu beharko dute.

Ez genuke aipamenik gabe utzi nahi, 4 alkizar gaztek jokatu duten eskuz binakako Gipuzkoako Txapelketa Herrikoia. Lehen fasea bere multzoko 2. postuan bukatu ondoren, bigarren fasean Geteriarrek kanporatu zituzten txapelketa txukuna burutuz. Gazte hauek Agiñako Josu Eizmendi, Intxaurrandiko Eneko Sorarrain, Jazkuneko Jon Altuna eta Altzon jaiotako alkizarra dugun Iker Altuna izan dira.

Azkenik Agerreko semea den Julen Hernandezen berri emango dizuegu. Añorgako elkartearen izenean jokatu du bigarrengo urtez eta uztaila bitartean 1. mailako eskuz binakako nagusien Gipuzkoako txapelketa jokatzeaz gain herri desberdinatako dozena erdi txapelketetan parte hartu du. Guzti horietatik Itziarren jokatutako 41/2- koan sentitu da gustokoen, bertan finalaurrekotara heltzea lortuz.

 


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala