edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Aiztondoko I. Gutun Lehiaketa

Itsaso Gonzalez de Leiba, Aiztondoko dinamizatzailea.

irudia

Aurtengo udaberrian egin da lehen aldiz Aiztondoko Gutun Lehiaketa. Ekimen hau Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateak antolatua izan da. Hogeita bi gutun izan dira aurkeztutakoak, eta esan behar dugu antolatzaileok gustura geratu garela, hurrengo urtean errepikatzeko gogo biziarekin. Gaia “Nire lagunari” zen, eta egia esan, mota guztietako gutunak irakurri ahal izan ditugu.

Sari banaketa Larraulgo Antton Amonarriz Kultur Etxe berrian izan zen, maiatzaren 26an. Ondoko hauek jaso zituzten sariak:

  • A mailan (6-8 urte bitartekoak)
    1. saria Adunako Aitor Zabalak eta 2.a baita ere Adunako Aizpea Belaskok.
  • B mailan (9-11 urte bitartekoak)
    1. saria Martin Lizardi alkizarrak: 2. saria Pello Alkain Larrauldarrak.
  • C mailan (12-16 urte bitartekoak)
    1. saria Aia Kruse alkizarrak
  • E mailan (17 urtetik gorakoak)
    1. saria, Amezketako Imanol Artolak eta 2.ak Iruñeko Lander Majuelo.

“Oilategitik” aldizkariak eman digun aukera hau aprobetxatu nahi izan dugu Herriko saridunek aurkeztu zituzten gutunak oso-osorik guztiek irakur ditzazuen. Eta azkenik gogoan izan datorren urtean ospatuko den II. Gutun lehiaketan zuen partehartzea espero dugula.
 

Martin Lizardi

Alkizan, 2007ko apirilaren 16an

Kaixo Diego:

Jada lau urte dira Matxu Pitxun izan nintzela nire gurasoekin, eta geroztik asko gogoratzen naiz zurekin. Gogoratzen al zara zein ederki pasatu genuen han ezkutaketetan ibiltzen ginenean basoan?

Hemen baso ugari dago eta den-dena berde-berdea da. Horretaz pentsatzen dudanean zurekin gogoratzen naiz. Gogoan dut zu txabola batean bizi zinela. Ba, ni eta nire lagunek basoan txabola egiteaz bukatuko dugu laster. Baina gurea jolaserako izango da. Gogoan dut baita ere zu aitarekin mendira joaten zinela lanera. Gu berriz, hemen, mendira denbora-pasa joaten gara.

Nire lagunei kontatu nienean nola bizi zinen, oso gogorra iruditu zitzaien, eta denak zu noiz etorriko zaren zain daude. Etortzen zarenean nirekin oso ondo pasako duzu, eta gauean nire gelan egingo duzu lo, eta ikusiko duzu ze ondo pasako dugun.

Irrikitan nago zu ikusteko.

Agur Diego, laster arte

Martin

 

Aia Kruse

2007ko apirilaren 12an, osteguna

Amona maitea:

Zauden lekuan zaudela, zer moduz? Ni… ni ondo nago… Zu berriz ikusteko irrikitan (inposiblea dela jakinda). Inork ez bait daki zehazki non zauden: zeruan, beste gorputz batean,… Jakingo banu non zeunden… hiltzean hara joango nintzateke. Baina hiltzean ere ez bazaitut aurkitzen?

Joan zinenean, ez nuen gauza handirik sentitu…

Orain berriz, nire sentimenduen beldur naiz. Zurekin hitz egiteko gogoz, edozein hormetan zure aurpegi eta ahotsa ikusi eta sentitzen ditudanean. Gogoratzen zaitudan bakoitzean, beldurra. Ezingo zaitut berriro ikusi? Ondo al zaude? Nitaz gogoratzen al zara? Zuk berdina galdetzen al diozu zure buruari?... Buff… Ez dakizu ze gogo dauzkadan denaz ahazteko. Hemendik urrun egoteko… Zu ikusteko… Maite zaitut eta maiteko zaitut. Zure irrifarra sentitzeko. Arratsalde bat elkarrekin… EZINEZKOA!

Azken aldian, gaizki zeundenean, beldurra, esaten dena sentitzen nuen. Orain berriz, nire inozokeria baztertu eta “zergatik egin ote nuen hori?” pentsatzen dut. Zein tuntuna izan nintzen. Zure azken egunak nik beldurtuta pasa nituenean. Barkaidazu. Zuri muxurik eman gabe, hitz egin gabe, begietara zuzen begiratu gabe zu gaixki pasatzen? Ikaragarri zazpuztu dut. Eta amorru izugarria ematen dit, zuri kasurik egin gabe zu joan izana… Benetan, barkaidazu…

Gogoratzen gure panpin kolekzioa egiten genuenean? Izugarri politak ziren denak. Oraindik ere badauzkat! Edo gaztelura joaten ginenean arratsaldero! Baina azken-azkeneko aldiz zerbait batera egin genuela izan zen hondartzan. Biok bakarrik, udarako itsaso beroan. Nirekin inork etorri nahi ez zuenean; zu etorri zinen. Hotzik gabe. Goiz osoa pasatu genuen uretan. Ja, ja, ja!... Eskerrik asko… gabarroiraino etortzeagatik. Heldu guztiek esaten zutenean, “a, ze hotza! Ezin duzu bakarrik joan?!... Zuri esker ez nintzen bakarrik egon.

Asko pozten nau gutun hau idazteak. Asko lasaitu nau… Maite zaitudalako!... gogoratzen dut, gauzak ahazten zenituenean; edo erresidentziara igo behar zenuenean… Jendeak esaten zuen, “burua galdu zenuela”. Neri min asko ematen zidan horrek. Banekielako gezurra zela. Nik maite zintudalako… zaitudalako…

Inork ez daki (zu barne) zenbat maite zaitudan. Zu joanak, bizitzako zati handia kendu didazu. Baina nola esan zenbat behar zaitudan? Gutxienez askatu naiz eskutitz honen bidez. Eta eskerrak! Ikusiko bazenu etxea zein bakarrik dagoen… bildurtuko zinateke. Ez da inolaz ere berdina. Zuk dena ongi egiten zenuen. Denak bildu. Denak zuzendu… Horixe behar dugu orain etxean. Ixiltasun bildurgarri hau kentzea… Zu! Zu zara konpondu dezakeen bakarra. Baina zer egin dezaket nik?... EZERREZ!...

Zure zuhaitza oso polita da. Oso ondo hazten ari da. Nola ez!

Espero det noizbait zu berriz ikustea. Muxu pila bat:

Zure iloba: Aia


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala