edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

50 urte atzera begira. Frontoiak aurten mende erdia beteko du

Agurne eta Ixiar

irudia

1957ko abenduaren 15a zen, neguaren atarian. Eguraldi makurra zen, goibela, euritsua. Zerua egun osoz lainoz estalia egon zen. Baina Alkizan ospakizun handia izan zen, egun hartan frontoia, kanposantura doan errepidea, eskolako eta maixuetxeko obrak… inauguratu zituzten. Garai hartan urtero herri bat izendatzen zuen Diputazioak “pueblo adoptado” eta Alkizak horregatik izan zuen Diputazioaren diru laguntza berezia eskatutako obrak egiteko. Garai hartan herriko alkatea Etxabeko Rufino zen eta zinegotziak Garaikoetxeko Juan C. Urruzola eta Altzorbeko Anastasio Alberdi.

Herria bezperan bereziki dotoretu omen zuten hurrengo eguneko ospakizunerako; ongi-etorria emateko bi arku; bata kanposantura doan bidean eta bestea plazako sarreran. Azken honetan “Bienvenidos” hitzarekin ongi-etorria adierazi nahi zioten etorriko zen kanpotar andanari. Badakigu garai hartan “Errejimenak” euskara nola baztertzen zuen eta Alkizan hain herri euskalduna izanik , gazteleraz idatzi zuten “pankarta”.

Goizean etengabeko suzirien tiroek iragarri zuten festaren hasiera, ondoren ongi-etorria egin zitzaien bertaratu ziren agintariei: Gobernadore Zibila, Diputazioko Lehendakaria, Apezpikua, Tolosaldeko alkateak, guztira 39, eta garai hartako beste hainbat kargu eta teknikari publiko. Gero Parrokian meza herriko seme D.Julian Legarrak eman zuen. Mezaren ondoren “sequito” guztia garai hartan sakristian zegoen Bengoetxearen erretaula ikustera joan zen.

Egindako obrak inauguratzeko unea iritsi zen; Apezpikuak lehenik kanposantuko errepidea bedeinkatu zuen, ondoren, maisu-maistren etxe-bizitzak, eskola, plaza eta azkenik frontoia.

Ordu batean pilota partidu ikusgarria izan zen: Atano III.a eta Atano VII.a, Atano X.a eta IX.ren aurka. Azken hauek irabazi omen zuten 22-17. Partidu hartan Atano txapeldun ezagunak, eta bere ondorengoak; hau da ilobak jokatu zuten. Ondoren, agintariek Udaletxeara joan ziren; Diputazioko Lehendakariak egindako obrak herriari eman zizkion. Ondoren, herriko alkateak erantzun zion udaletxe eta herriko egoera azalduz eta eskerrak emanaz.

Gero agintariak Alkizako ostatuan nahiko lekurik ez, eta Asteasuko Albino jatetxera bazkaltzera joan ziren. Otordua Diputazioaren kontura izan omen zen. Herritarrei herriko tabernetan hamaiketakoa eman zieten. Horrez gain, eguna girotzeko, Lazkaoko txistulariek eta soinujoleek etengabe bere tresnak joaz herritarren belarriak gozatu zituzten.

Maitegiko Lurdes eta MartinHerritar asko gogoratuko dira egun hartaz, hona hemen Maitegiko Martin eta Lurdesen oroitzapenak.

Zer gogoratzen duzu frontoiaren inaugurazioaz?
Jende ugari izan zen ospakizunean, pilotariak ere agertu ziren, festa handia izan zen, txistulariak, dantzariak… Garai hartako pilotaririk onenak ere inguratu ziren: Atano III... Frontoia eta errepide berria batera inauguratu ziren.

Noiz hasi ziren frontoia egiten?
Hasi eta jarraian egin zuten. Hasieran atzeko aldea irekia zuen, pilotak atzeko sorora alde egiten zutenez, gerora itxi egin zuten, atzeko zati hori erantsiz.

Zuek frontoia egin aurretik non ibiltzen zineten pilotan?
Frontoi zaharra elizaren ondoan zegoen, eliza eta Katalandegi tartean. Herritarren artean “afizio” handia zegoen eta asko jokatzen zuten bertan. Herrian baziren pilotari ezagunak: Arregik erremontean jokatzen zuen, Kasto, Eusebio, Jabier eta Joan Joxek, berriz, esku-pilotan. Arazoa igande goizetan sortzen zen, elizan meza izaten zelako debekatu egin zuten jokatzea. Pilota, askotan, apaizaren sorora joaten zen, eta komerietan ibiltzen ginen jasotzeko garaian, apaiza zorrotza baitzen! Neskak eta mutilak elkarrekin jokoan ikusiz gero haserretu egiten zen, garai hartako apaiza zen!

Zer suposatu zuen frontoi berriak?
Inguruko herrietan ez zen frontoi estalirik, horregatik beste herrietatik jende asko etortzen zen frontoian jokatzera. Jokatzeko txanda itxaron behar izaten zuten, gauez ere jendea izaten zenez argia piztu ahal izateko ostatuan ordaintzen zuten. Herrian zaletasun handia zen, etengabe ibiltzen ziren; Arritzako Juan Joxe, Intxaur Handiko Manuel Mª, Pantaleon…elkarren arteko partiduak jokatuz, eta beste batzuetan Tolosako ospetsua zen Trabasana ere etortzen zen. Askotan euren artean afaria jokatzen zuten. Frontoiaren pareta markatzen hasi zenean, pala, zesto, erremonte edo fuerte jotzen zuten pilotaz jokatzea debekatu egin zuten, eta bazen hori adierazten zuen txartel bat. Herrirako ere toki estali bat izatea oso aprobetxagarria gertatu zen; euria egiten zuenean, festak eta ospakizunak bertan izaten ziren.

Inguruko herriak nolako frontoiak zituzten?
Estalirik gabeko frontoiak ziren, inguruko frontoi estalia Tolosan zegoen. Hori dela eta, gu herritarrok harro geunden gure frontoiarekin! Gure ustez ederra eta dotorea zen! Hala ere, eskailerak edadekoentzat egokiak ez zirela eta kexak entzuten ziren.

Frontoi dotore hura zaharkituta gelditu ote da?
Bai, argia motel xamarra, paretak estropeatuta; pilota ikusteko garaian hauek asko oztopatzen dute; tetxo zatia ere ia erorian dauka, zorua ere irristatzen dela; ura sartzen baita…

Gaur egungo frontoiaren egoera

Urteak ez dira alperrik pasatzen!! Eta 50 nabarmen!!

Orduko frontoi berri eta estimatuaren egoera gaur zertan den ikusirik, frontoia erabiltzen duten herriko erakundeetara eta udaletxera jo dugu haien iritzia jakiteko asmoz.

Hona hemen hauekin izan ditugun elkarrizketak:

Luis Mari Sorarrain (Erniope Pilota Elkarteko arduraduna)

Zer erabilera ematen diozue gaur egun frontoiari?
Frontoia erabiltzen dugu entrenamenduetarako eta herri arteko txapelketetarako. Gure klubak Gipuzkoako txapelketetan parte hartzen baitu. Eguraldi txarra egiten duenean Adunara joaten gara jokatzera, hemen busti egiten baita frontoia. Entrenamenduak asteazkenetan egiten ditugu, eta gero aste bukaeretan partiduak.

Gaur egun zein hutsune edo gabeziekin aurkitzen zarete?
Frontoiaren baldintzak oso txarrak dira; oso zaharkiturik dago. Aldagelarik gabe ere gelditu gara eta jokalariak, ba, ahal duten bezala ibiltzen dira aldatzen, modu txarrean.

Neurrikoa izatea garrantzitsua al da?

Bai, gure frontoia bai luzeran eta baita ere zabaleran neurri ofizialak dioen baino motzagoa da; luzeran gutxi gora behera lau metro falta ditu, erremontean aritzeko bost eta zabaleran metro erdi, kantxa eta kontrakantxa. Txapa ere horrexegatik beherago gelditzen da, metroko altuera hartuz. Txapelketetarako prestatzen aritzen diren pilotariak, neurriko frontoietara joaten direnean jokatzera, ohitu egin behar izaten dute, honek desabantaila ekarriz. Handian ohituta dagoenarentzat, berriz,hau kategorikoa egiten zaio, erreza! Honek duen gauzarik ederrena frontisa da, dena berdin-berdina, oraingoak ez dute hori lortzen. Hau bota gabe gelditzea onena, zabaldu, eta ez du ematen ezinezkoa denik.

Zein hobekuntza proposatzen duzu?
Nik aspaldi frontoi honi portxe bat egingo nion, orain dauden kristal motekin, argia ondo sartzen den bat jarri eta alde handia egingo lioke.

Berritzekotan, dena bota eta bertan behar den bezalakoa egitea proposatuko nuke. Neurritan zabaltzeko, ezkerraldera pareta karretera aldera eramatea posible dirudi, baina hori arkitektoen lana da!

Frontoia beste alde batean egitekotan, ez egitea hobe dela iruditzen zait, plazatik kanpo zein joango litzake? Hor bertan elegante geldituko litzake, gorde gordean, ezkutuan, pixka behera sartu eta hor dagoenik ere antz ematen ez dela, erabat estetikoa, bertara joan arte ez zara konturatzen frontoia dagoenik. Oraingo berri gehientsuenak, lau pareta zuzen trakets besterik ez dira, nahiz batzuk badira txukunak gelditu direnak, Albizturkoa adibidez itxuraz polita ikusten da eta sakoneran gelditzen da, hala ere neurritan motxa egin zuten.

Frontoi berrietan gradan azpian gelditzen den lekua aprobetxatzen dute bulegoak, aldagelak, dutxak, materiala jasotzeko…

 

Eskolakoak

Zein erabilera ematen diozue gaur egun frontoiari?
Frontoia guretzat, euria egiten duenean aterpetzat hartzen dugu, bertan jolas garaietan ibiltzen gara. Soinketa arloa lantzeko, zenbait joko egin eta dantzak ikasteko ere erabiltzen dugu. Gu frontoirik gabe motz geldituko ginateke.

Gaur egun zein hutsune edo gabezi aurkitzen diozue?
Frontoia busti egiten da, irristakora geldituz. Kanaletak bete egiten dira eta ez dute bere egin beharra betetzen, alderantziz, errekatxoak bihurtzen dira eta putzuak sortzen dituzte. Sabaia puskatuta dago eta erortzeko arriskua ikusten diogu. Eskailerak ere puskatuta daude eta ume txikiekin jaisterakoan beldurrez ibiltzen gara.

Bere egoera ikusirik zein hobekuntza proposatuko zenukete?
Guretzat nahikoa izango litzateke sabaia, eskailerak eta kanaletak konpontzea eta nolabait urik ez sartzeko aurreko aldean zerbait jarri edo ixtea. Pintatuz gero alaitasun handia hartuko luke!

 

Joxe Mari Aranzabe (Udaleko zinegotzia)

Iraungo al ditu frontoiak beste 50 urte?
Honek behintzat ez. Gure asmoa hau bota eta bertan berria egitekoa da. Neurriz luzatu eta zabaltzeko asmoa dugu, pilotarako legezko neurriak izan ditzan.

Bertako tokiak ematen al du neurrikoa egiteko?
Zirriborro batzuk egiten aritu gara, baina oraindik proiektua osatzeko dago, horretan ari gara. Dirudienez ematen du, Repsoleko bonbona hortik kendu beharko genuke zabaltzeko eta atzeko aldera ere badago tokia.

Dutxen arazoei aurre egiteko asmorik ba al da ?
Lehen aipatu bezala oraindik proiektua egiteko dago, baina intentzioa badugu bertan dutxak eta aldagelak kokatzeko, dudarik gabe honi emango diogu lehentasuna. Gimnasioa ere bertan egiteko aukera aztertuko dugu. Ahal den frontoirik osatuena egiten saiatuko gara.

Nolako itxura izango du?
Plazatik begira saiatuko gara antzeko zerbait egiten, dagoen arkua mantentzen, baina frontisa ziurrenik bota eta berria eraiki beharko dugula uste dugu, hau bai altueran eta bai zabaleran motz geratzen baita, hala ere, baloratzen dugu duen marmol gorria, eta mantentzea aztertuko dugu. Oraindik ez dakigu, zirriborrotan baikabiltza, hasi besterik ez gara egin eta!. Baina ziur ez dela orain bezala bustiko!! Dakiguna da, atzetik atea izango duela, frontoian egin daitezkeen ekintzetarako behar diren tresnak eskura izateko.

Frontoi hau 500.000 pezeta kostatu omen zen, garai hartan asko izango zen, gaur ere asko beharko da ezta?
Garai hartan dirutza zen, gaur egun gutxi gora behera 100.000.000 pezeta beharko direla pentsatzen dugu. Hori lortzeko, lehenik jo behar dugun atea Gipuzkoako Aldundiarena izango da, orain dela 12 urte ere jo genuen, Arritxu Marañon arduradun zegoenean, Fernando Tapiarekin ere bilduta egon ginen, baina garai hartan ezezkoa eman ziguten. Aldundia osatu bezain azkar asmoa dugu berriro jarduteko. Hemen ez badugu lortzen Eusko Jaurlaritzara edo Europako laguntzetara bideratuko dugu eskaera. Nonbaitetik zirrikituren bat bilatzen saiatuko gara, espero dugu batetik edo bestetik lortzea.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala