edukiak
edukiak

ToponimiaToponimia

Alkizako ahozko toponimiaren laburpena

Pello Joxe Aranburu

irudia

Iazko aldizkarian, toponimiazko nire jardunen gaiaren jarraipena agindu nuen. Hara Alkiza herriaren historia eta definizioa emateko beste bide bat, leku-izenetan oinarritu eta xurgatua. Etapa baten amaiera da, gure herriko ahozko toponimiaren bilketa saioa burutu da, alegia. Luis Mari Muxikak hasitako lana ikusi, aztertu eta osatzeko dago, hau da, Alkizako baserri guztietako eskriturak aztertu eta haietako toponimia hustuketa lana. Lan neketsu eta luzea. Lehen edo geroxeago norbaitek egin beharrekoa. Aurtengo artikulu honek, ordea, aurreko bost urteetakoa borobiltzen du. Bost urtetan ahozko toponimia batu eta emaitzak hiru multzotan labur bildu ditut: lehenik, toponimia nagusia eremu zabalean, bigarrenik, leku-izen horiekin erlazioan edo menpean leudekeenak eta hirugarren multzoan animalia, zuhaitz eta landareekin lotuak, denak bertako ahozko erabilpenean errotuak. Gainera, multzo berezi-berezi batekin amaitu dut sailkapena.

Toponimia nagusia

Alkiza herri izena eta Tourseko San Martin kolazioa edo parrokia dira nagusietan nagusienak. Ondoren baserri, etxe, mendi, haitz, erreka eta iturri izenak hautatu dira. Kasu anitzetan idatzi eta ahozko erabilera ezberdinetan jaso dira.

Agerre, Agiña, Aldaia (Ttonttor), Aldapa, Alkiza-lete, Altzorbe, Antzieta, Apaiztegi (Apaiztei), Arana, Aranguren (Ângun), Arantzabene (Ântzabene), Areta, Aritzetegi (Aitzetei), Aritzeterdi, Arpide, Arpide-garaikoa (Arpidegai), Arritzaga (Arritza), Azaldegi (Azaldei), Azaldegi-etxeberri, Basarte, Basatxabal, Bengoetxe, Bentzala, Bentzala-txiki, Berandoain (Beandoain), Egurrola (Eula), Eguzkitza, Eizmendi, Elizegi (Elizei), Errekalde, Erretoreetxe, Etxabe, Etxabe-goien, Etxabe- guren (Etxaun), Etxabe-txiki, Etxaun-berri, Etxesagasti, Garaikoetxe (Gaikotxe), Garmendi, Garro, Goenaga (Goina), Gorostidi, Igaran (Ihan), Igaranzabal (Ihanzabal), Ikilisagasti (Ikili), Intxaurrandiaga (Intxaurrandi), Iribeitia, Karabela, Katalandegi, Kukutegi (Kukutei), Lamiosinaga (Lamiosina), Lete, Leteberri, Liazasoro (Litxaso), Lizarzelai, Lortxinaga (Lortxina), Madrigal, Mariantonena (Maintone), Mariategi (Maitei), Martitegi (Martitei), Mendia, Mendikoetxe, Mendiola, Olaa, Otsamendi, Perurena, Sakamierra, Saletxe, Santio, Sarobe, Urrizpe, Urrutikoetxea, Urruzolaazpi, Urruzola-garaikoa (Urruzola), Zumitza, Zumitza-berri eta Zumitzeta dira herriko baserri eta etxe izan zaharrak, ez denak. Badira desagertuak ere. Eraikuntza berrien izenak ez daude zerrendan jasota.

Toponimia nagusi hau sakabanatua eta aspaldikoa da

Bost bailaratan, Arana, Sakamierra, Azaldegi, Aldapa eta Ernio mendi izenekoetan sakabanaturik dago. Aspaldikoa, 1562ko udal dekretu batean, ia hiru laurdenak dokumentaturik zeuden. Toponimia zaharra, aldakorra ordea, lehen Echebeguren gaur Etxaun, lehen Guilisasti gaur Ikili eta abar. Beste batzuk, esaterako, Otalarre, Yturralde desagertu ziren, gerora berriak sortu ziren: Etxaun-berri (Errezola), Urruzolaberri (Eguzkitza), Urrizpe, Goina, Gorostidi (Pedrojuane), Aldaia (Ttonttor), Arantzabene, Leteberri, Basarte, Lortxina, Saletxe. Belaunaldiz belaunaldi erabili eta ondorengoei utzitako ondare lexikala dukegu. Euskal abizen edo deitura eta toponimiaren oinarri sendoak daude Alkizan.

Batzuk beste zenbait herrietakoen antzekoak, asko Erdi Arotik datozenak, bakar batzuk ia gure herrian soilik aurki daitezkeenak aspalditik. Aranguren, Garro, Saletxe, Bengoetxea, Garaikoetxea, Olaa, Garmendia nahiko hedatuak diren bezala, Berandoain, Madrigal, Igaran, Kukutegi, Urruzola, Sakamierra eta beste batzuk ez dira aurkitzen edonon. Oraindik berriagoak dira azken hamarkadetan sortu direnak, ikusi, besteak beste, Alkizaren herriburua eta inguruak: Toponimia V, 2008.

Halaber, toponimia nagusitzat har daitezke erreka, iturri nagusi, mendi eta haitzen leku-izen hauek ere: Agotegaña, Aitxorrotx, Allutx, Amixuri, Angara, Arana, Aranguren, Arraia, Artabi, Aska, Askantxo, Atxutain, Belanburu, Belu, Bidania, Buztinerreka, Enaizpuru, Ernio-txiki, Errekaleor, Ezkurreta, Gaikogaña, Gainerreka, Illunbe, Ipintza, Iturburueta (Itturbuta), Iturriberri, Kalbariozar, Kurpitu, Mandabe, Murgil, Murkaitz, Olatondo, Oliturri, Otalats, Putre-haitza, Sandonarri, Santakutz, Suruzpuru, Susterreka, Troska, Txapiola, Txorrondo, Txurro, Unzulo, Zopite eta Zuarreka. Beraz, erreka batzuk, beste mendi batzuk eta haitz batzuk bere-berea dute izena.

Toponimia nagusiarekin erlazionatuak eta horien menpekoak

Urmaelean harriak uhinak sortzen dituen antzo, anitz izen leku eratorri eta nagusiekin lotuak herriak sortu eta erabiltzen ditu ahoz aho. Etxe, borda, iturri, soro, karobi, harrobi, barruti, sail, putzu, egutera, ospela, zulo, bazter, buru, gain, azpi, koska, inguru, ondo, leize, txara, botan, presa, alde, bide, harkaitz edo haitz, leku, mendi leku izenak baserri bakoitzak erabili ohi ditu bereak baliran, beraz sarri oso errepikatuak. Eliza eta ermitekin lotuak ere badira. Adibide soil batzuk besterik ez dira emango jarraian: Etxaburu, Etxazpia, Etxaurrea, Etxegoiena, Bordaldea, Aizluzegaineko borda, Allusko borda, Leteko borda, Xiarreko borda, Berraingo borda, Loidiko borda, Larrunbide-etxeberriko borda, Abelasberriko borda, Atzeko soroa, Etxeaurreko soroa, Goikosoroa, Beheko soroa, Soraluze, Sorolepo, Soroberri, Luberri, Soroaundi, Abesoro, Ziarsoro, Nekasoro, Karobialde, Harrobigaina, Akerbarruti, Eliza sailak, Kable sailak, Eanputzu, Ospela eta Eutera, Sorginzulo, Untzulo, Urdanasi-bazterra, Santakutzgaina, Belaburu, Urruzolazpi, Kosketa, Txorrondo, Leizealdea, Bekotxara, Botanagaina, Presaldea, Kanaldea, Aldanoaldea, Lorbide, Haitzorrotx, Otsazulota.

Animalia, zuhaitz eta landare izenak.

Oilo, zozo, abere, bele, azkonarra, putre, ardi, aker, otamotz, untxi, otso eta kuku izenez toponimia aberatsa erabiltzen da Alkizan. Era berean, sagar, gaztainondo, zume, pago, gorosti, hagina, baso, zumitz, lertxun, elorri, urki, ote, ezkurra, larrebelar, txara, haritza, hurritza, mintegi, lizar, intxaur eta belar florarekiko toponimia ere ugaria dugu. Ale batzuk hiru sailkapenetan banatu ditut:

  • Animalia eta hegazti toponimia: Abelasberri, Aberatsalde, Akerbarruti, Arditegia, Azkonartokieta, Larrebelarreta, Oilategia, Otsazulota, Tranpa-buru, Urdanasi eta Zozotegi.
  • Zuhaitz eta landare toponimia: Aginalde, Barruti, Barrutiluze, Basoaundia, Bergeta, Elordegi, Gaztainaditxiki, Goiko txara, Landare, Lausagasti, Lizardi, Otari, Otarizarra, Otelats, Pagaritxiki, Pâzelai, Sastiaundi, Sastizar, Sastizelai, Txara-txiki, Urkia, Urkiti eta Zumeta.
  • Kulturazko toponimia: Alkatejauregieta, Andretei, Basajaundegi, Bolaleku, Elurzulo, Lakaitxiki, Lakaizar, Lakape, Lamiosinaga, Negusaila, Pelotaleku eta Zarrensaila.

Oro har toponimia geografia, historia eta herri kulturari ondo moldatua

Alkiza beti izan da nekazal eremua, izenak ere horixe adierazten omen du, haitz, harkaitz eta harri lekua. Erreka, iturri eta errotak ez ezik mendi, baso eta zuhaitzak ugari dira. Frogatzako baserrien izen batzuk dakartzat: Albiztegi, Aritzegi, Aritzerdi, Basarte, Basatxabal, Eizmendi, Etxesagasti, Garmendia, Gorostidi, Igaran, Igaranzabal, Ikilisagasti, Intxaurrandiaga, Lizarzelai, Lortxinaga, Mendikoetxe, Mendiola, Olaa, Otsamendi, Urrizpe, Urruzola, Urruzolazpi, Zumitza, Zumitza-berri eta Zumitzeta.

Toponimia berezi-berezia:

Agiregi, Anketa, Antsu edo Antxu, Añoa, Arburu, Arraia, Arraspû, Azti, Berrain, Elitxupi, Elketa, Engeta, Gibele, Itzuregi, Lete, Lupats, Mazurzulo, Muñabe, Murgil, Nekatiola, Okelar, Olatza, Orita, Pâbe, Parrai, Partze, Portoki, Sakaio, Suspaitza, Txandio, Txapiola, Txurro, Uban, Umana, Xiarre, Xitoki eta Zutazu. Zer adierazten ote dute?

Alkizako ahozko toponimiaren laburpena


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala