edukiak
edukiak

ElkarrizketakElkarrizketak

Urruzolako Leinargiarekin solasean

Eduardo Tormo

irudia

“Urruzola”, bere azpi-bailarako hizkera bereziaz, horrela erantzun dit Jose Ramonen Ane bilobak, non geunden galdetu diodanean. Eta bai, Urruzola baserrian edo eremuan gaude, berak dolareko egur zaharretaz eginiko salako mahai sendoaren inguruan, Jose Ramon Aranbururekin solasean.

Alkizako “Aldapa” bailararen atarian. Goiz lanbrotsu eta euritsua egokitu zaigu Pello eta bioi. Udaberria ezkutatu samar, baina azaltzeko gogoz. Patxadaz sartu gara, parajeaz gozatuz eta bidean sumatu edota aurkitzen ditugun baserri eta parajeen istorioak komentatuz. Errota, Garro, Ikilisagasti, Aranguren, Arangurenberri eta azkenean Urruzolazpi txiki eta maldaren erdialdean, ekialderantz kokaturik, agertzen zaigu Urruzola etxea: ederra, solemne eta halaber erosoa, azkeneko 40 urteetan Aranburutar ia guztion lan eskergari esker. Inguru benetan berezia, magiaz beteta esaten diot nire buruari. Arrazoia zeukan Fernando Etxebestek.

Salan eserita gaude, bada. Jose Ramonen ondoan haren emaztea den Karmen Arruti, Zizurkilgo Iartzakoa, alaba Mirari eta honen alabatxoak Ane eta Irati. Tarteka ere azalduko dira Aritz eta bere arreba.

Beno, Jose Ramon, heldu beharko diogu gaiari. Izan ere eta hasteko, zer hartzen duzu kontutan arbolak botatzeko garaian?
Arbola bota, neguan bota behar dela aipatu egiten da, baina inportantea dek ia abuztua azkenetik aurrera izerdia goitik behera hasten dek eta orduan dek epokarik hoberena. Neguan geldirik egoten dek, baino ia neguaren erdirako berriro gora joaten dek. Orduan hostorik ez zegok ta bale; baina goitik behera hasteko nahian dagoenean, orduan botatzea askozez hobea dek. Azaroan hoberena. Abendua ezkero ia mugitu egiten dek, hasi egiten dek, oso negu txarra ez bada behintzat. Orain, eztakit hau dakien baten batek. Edozein garaitan bota, gero sekaderoan sartu, tratamendua eman eta listo. Horrelako tratua emanda, ze nolako emaitza emango duen egurrak, baina ziur egon ez lehengo garaietan bezala.

Ilargia ere kontutan hartuko duzu, ezta?
Bai, bai, oso inportantea dek. Hosto zabala, hosto handia, adibidez: zumarra, gaztaina, lizarra,.. horiek ilbeherakoak dituk. Hosto borobilekoak berriz ilberrikoak. Ilbeheran botatako pagoak su onik ez du egiten itxuraz, ez dik berotzen. Enkanbio, ilberrin bota ta, bo!. Sutarako eta danerako. Ilberri eta ilbeherako hori oso inportantea dek, baino hola, garbi eh! Ikaragarri esan nahi dik. Hik tarima bat edo ate batzuk edo, ilberrin edo ilberriko mugan bota eta tik-tak!, zartaka hasten dek. Bizia dik, mugitu egiten dek. Pagoa, hurritza,… hosto borobil guztikoak berriz, ilberrikoak dituk. Denak. Altza ere bai. Altza dek ilberrikoa eta maiatzeko ilberrian botatzen baldin bada, hautsi ez dek egiten; ximela dek.

Eta akazia? Akazia dek egur bat bota ta krak-krik, segituan irekitzen dek eta. Niri behin Xanti zanak erakutsi zidan, Katalandegiko Xantik erakutsi zidan: “Hi, akazia bota behar badek, azaroko ilberrin eta ezta mugitu egingo” “Bai?” Eta “bai”. Eta nik eskailera bat egiteko, nik hor zerra neukan eta hala gertatu huan. Hik akaziekin hesolak egiten hasten bahaiz eta hieeekkkkkk, irekitzen hasten dek. Baina ilbeheran botaz ezkero ezta ezer mugitzen. Regla bezala egoten dek. Azaroko ilbeherako dek akazia. Hori oso sagradua dek. Eta oso jende gutxik zekien, eh!

Makilak egiteko hurritza azaroko ilberrikoa, beraz, ezta?
Bai, bai. Ilberria, ilberria. Hik beste garaian edo ilbeheran botatzen badek, segituan pipiek jotzen diate baina ilberrian, ilgoran, bota eta batez. Gaztaina berriz ilbeheran. Eta Pinua,… eah!,… Pinua inork ez zekik. Batzuk ilberrikoa dela, beste batzuk berriz ilbeherakoa. Alertzea, berriz, alertze pinua ilbehe ilbeheran bota izan diat nik. Baino beste batzuk “ hil, ilberrikoa dek!”. Eztakit nik ba!.

Arbolak, fruta-arbolak batez ere, kimatzeko garaian kontuan hartuko duzu ere, jakina?
Bai, bai, bai. Nik behintzat bai. Lehenago kimatu egiten nuan neguan ta txarra dek. Neguan geldi zegok. Hori Diputaziokoei erakusten nien. Albaro eta ingenieroei, Askasibar ingenieroari nik erakutsi nien, Ataunen. Arbolak kimatu behar zirela, pinuak eta Udaberrian kimatzeko garai txarra zela. Eta nik: “Ezetz. Kimatzeko garaia hau dek.” Izerdia hasten denean, segituan itxi egiten dik. Eta neguan egiten badek, izotza, euria,… sartu eta usteldu. Beraz egurra kimatu izerdia mugitu ta gero; beti. Eta pinuekin, pinu insignisekin berdin, berdin. Neguan egin eta kriston ebakiak, irekita gelditzen dek. Udaberrian egin eta segituan erresina sortu eta itxi. Geroztik Askasibarrek esaten zidan: “Arrazoi duzu, Jose Ramon, arrazoi duzu”. Beraz Udaberriko ilbeheran; beti. Hostoak ateratzen hasita badago ere. Loreak aterata izan ezkero ez, baina hosto txikiekin bai.

Fruta-arbolak kimatzen hasteko, ze altueratan moztu behar?
Zenbat eta bajuago, orduan eta hobe. Bainon hazienda dabilen tokian ta, pixka bat altuxeago. Ahal den beherana. Eta gero, behetik kanpo aldera, eguzkia sartu dedila. Barrukoa hustu, kendu. Eta adarrak mozteko garaian ere, kanporuntz. Gorakoa kendu eta behean egiten dik lana. Eta platanoa, norteko haritza, intxaurra ta gaztainak, horiek denak. Aldatu eta ederrak egingo dira. Ba ez. Askoz hobea dek lau bat urte aldatuta egotea eta indarra hartzen dutenean, sustraietan indarra hartzen duenean, holako batean Tak! Moztu eta ederki etorriko dek, zuzen-zuzen, bala bat bezala.

Norteko haritzarekin izan dituk komentarioak, baino ilbeherakoa dek. Izan baitira batzuk: “Ilberrikoak dituk!!!” Ez, ez, ez. Ilbeherakoa; baina garbi, eh! Hosto luzea, hosto handia, hosto zabalak ilbeherakoak dituk; denak. Zumarrak berriz hosto txikiak ditik, ilberrikoa dek. Hosto zabalakoa berriz ilbeherakoa.

Intxaurrondo beltza, intxaurrondo zuria?
Hori etzaio gainetikan antzematen. Gutxi gora behera bai, eh! Eta ez dek arbola bota beharrik. Adarra batekin nahikoa dek. Beltza baldin bada, adarran antzematen zaio. Garai batean bazen bat, Ernialde Txiki, etzekiat oraindik bizi den, taladro txiki batekin ibiltzen zena. Nagusia begira ez zegoenean, sartu eta konprobatu. Orduan erosten zin. Behin intxaur bat haizeak bota zin. Eta nik berari “Intxaurra ederra” Eta berak “Ez, hori txuria zegok”. “Txuria?” Eta “Bai; txuri txuria zegok” Berak konprobatuta zeukan eta. Hura elementua!

Zuhaitza bota ondoren zer egin behar da? Etxera ekarri, bertan utzi? Zenbat denboretan?
Hoberena da bota ta ikuitu gabe, bertan utzi. Ezta adar bat ere kendu. Bertan utzi. Urte bete edo bi. Materiala etxerako baldin badek. Adar ta guzti baldin bada, jeneralean aidean egongo dek. Eta lurraren kontra egonez gero ere. Pagoa tira, baina haritzarekin mejora, gizena pixka bat zehatzen zaiok eta. Orain berriz ez diogu uzten.

Eta pagoa uretan urte bete edo utziz gero, hobe, mejora dudarik ez. Pagoa moztu eta urak ez eramateagatik kate batekin lotuta, errekan utzi denbora luzea, hogei urte ere, atera eta puafff! Oso, oso ederra egurra! Alkizako elizak zimenduetan pagoak ditu. Pagoa bustia edo lehorra ondo; baina bustilehorra ez, segituan usteltzen dek. Aritza, akazia eta, uretan berriz usteldu egiten dituk. Gaztaina? Uummm! Etzekiat.

Akaziarekin ez. Akaziak ez dik balio apalak eta hola egiteko. Hesolak egiteko bai. Nik tarima hori akaziaz eginikoak daude, hala ere. Lan egiteko egur oso aldrebesa dek akazia, zaila. Egurra oso ona dek, gogorra. Moztu eta erosi nuen zepilladora handi batekin landu, baina pufff! Zenbat kutxila eta … buenoooo! Eta egurra ez okertzeko, onena dek enbor osoa uztea. Lau kantoiak eta gizena kendu eta osoa erabili. Egurraren azalak tiratu egiten dik. Erdiko bihotza osoa uzten baldin badiok, hura ez da mugituko.

Lan egiteko egurrik egokienak?
Haritza eta gaztaina izan dira erabilgarrienak. Lana erraz egiteko, gaztaina gozoa dek, fina. Eta dibujoa zoragaria dik gaztainak. Politena gereziak dik. Kutxak egiteko, gaztaina. Izaten hituan gaztaina arbol handiak eta kutxa osoa, aurrekoa, osoa egiteko. Eskailerak egiteko, haritza. Pasamanoa egiteko gaztaina; eta haritza ere bai, bai. Etxekoak norteko haritzakin egindakoak. Nik hemen zenbat lana egin dudan. Jesussss! Txikitatik arotza lana beti gustatu, beti. Etxean obra hasteko garaian, makinaria erosi nin. … eta hola. Lanak erakusten dik. Lana gustatu eta aritu. Egurra, harria, burnia,… Moldatu egiten haiz. Nik eskolik ez dut izan, baina gaur maisu askori erakutsiko nieke. “Ez! Hori ezta hola” .

Zuhaitzak aldatzeko garaian?
Aurrez zulatu, neguan aldatu. Ilargiari sekulan ez diot begiratu. Eguraldiari bai. Ez zezala izotzik egin. Aldatu eta segituan euria egin, hori dek onena. Etxean hemen bazeudek nik aldatutako pagoak, kanakoak. Pinuekin batera aldatutakoak. Pinuak pagoa babestu egiten dik. Nik behin egin nin prueba bat, Ataunen ari ginela, Askasibarrekin nenbilela, egin nuen prueba. Pinua, lizarra eta pagoa. Aldatu zulo eginda. Orduan ibiltzen nintzen makina zeraman batekin ta zanga, goldea bezala egin eta aldatu. Zangetan orbela eta simaurra. Jesus! Etorri hituan, aibadios! Askazibarrek “Oye. Nosotros para qué hemos estudiado!”

Eta horrela jarraitu dugu, mahaiaren inguruan, argazkiak lekuko, familiaren historia, Jaure lantegiko lan garaiak, eta garai hartan –“Proceso de Burgos” delakoan, 70ko bukaera aldian hain zuzen– utzita, sasiak hartuta zegoen Urruzola sorlekurako buelta, garbiketa-lanak, birmoldaketa, obra-lan ikaragarriak, Jose Ramonek izandako istripua,… komentatzen. Karmen, bitartean, denbora osoan gure ondoan, begi bizi eta abegikor.

Karmen, zuk lagunduko zenion, ezta?
Zertan ez! Denean. Kanpoan lanean ere bai, eh! Zenbat masa egin! Dena kendu behar izan genuen. Zenbat masa egin nuen errebuelta hartan nik! Bueno! Zenbat lan eta zenbat urtetan! Baina gustura, oso.

Gero etxerako bueltan, kotxean, Pello eta biok ixilik, bakoitza bere gogoetei buelta ematen. Lanaldi gogorrak izan dira, dudarik ez; baina aldi berean beteak; zoriontasunez bizitzeko aukera ematen dizutenak. Errepidean sartzerakoan, burua jira eta laino eta euri, bailarako mendi eta basoen artean “Tasio” sumatu dudala iruditu zait.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala