edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Urrezko ezteiak

Marijo Saizar

irudia

Duela hiru hilabete eskas ospatu zituzten Segundo Saizar eta Maria Aierbek beren urrezko ezteiak, maiatzaren 30ean, hain zuzen ere. 50 urte ezkonduta, hau meritua!!

Alkizarrak ditugu biak, Segundo, Otsamendi baserrikoa eta Maria edo Maritxu, gehienek deitzen dioten bezala, Etxabe-txikikoa; beraz, betidanik elkar ezagutzen zutela esan behar.

Segundo baserrian aritzen zen lanean, ezkondu aurretik Irurako Etxezarreta Papeleran hasi zen, baina garai hartako asko bezala baserriko lanei erabat utzi gabe. Hasieran lanera oinez joaten bazen ere, 30 urterekin zenbait gaztain makatza saldu eta 30.000 pezeta jaso ondoren, 21.000 ordainduta motor bat erosi zuen hango joan-etorriak egiteko; gaur egun bi gurpileko altxor zahar hura, bere ISO-a, oraindik ere jasota dauka.

Maritxu,berriz, neskame aritzen zen batean eta bestean, Zarautzen, Tolosan, Madrilen...

1959ko maiatzaren 30ean ezkondu ziren, Segundok 32 urte zituela eta Maritxuk 28; egun berezia izan zen hura, Alkizan 3 bikote ezkondu ziren egun horretan, batetik Lete-berriko Agustina eta Manuel Odriozola eta bestetik Segundo eta Maritxu , eta Juan Mari eta Mari.

Azken bi bikoteek batera ospatu zuten beren ezkontza, berezia benetan, anai-arrebak, anai-arrebarekin ezkondu ziren, Segundo eta Mari, eta Juan Mari eta Maritxu anai-arrebak baitziren.

Jende asko bildu zen ezkontza hartan, hori dela eta bazkaria udaletxeko aretoan ospatu zuten. Ezkon bidaia Madrilera egin zuten bi bikoteek elkarrekin, trenez joan omen ziren hara astebete pasatzera, Maritxuk aurretik bolada batean bertan lan egin zuenez, pixka bat ezagutzen baitzuen.

Segundo eta Maritxu Otsamendi baserrira ezkondu ziren eta han jaio ziren beren lehenengo 3 seme-alabak, Gema, Eleni eta Mikel; azken honek 10 hilabete zituela Herriko Ostatua hartzea erabaki zuten eta bertan jaio ziren beren azken bi alabak, Ana eta Marijo. Ostatuan 20 urte eman zituzten eta lan asko egin zuten, beti ere familiakoen laguntzarekin, Jose Cirilo Saizar, Otsamendiko aitona, ere beraiekin bizi izan zen.

1985ean baserrira itzuli ziren eta han taberna jarri zuten, Otsamendi taberna, hau iazko udan itxi zen 22 urte luzeren ondoren.

Gaur egun 7 biloba dituzte eta haietako batek, Amaiak, aitonari eta amonari beren urrezko ezteietan eskainitako bertsoak dituzue honako hauek; zorionak eta muxu handi bat etxekoen partez.

Elkarri lagunduz ta
elkar asko maitez,
ez du askok irauten
horrenbeste urtez.
Maitemindu zineten
bihotz bete-betez
zorionak bikote
gu guztion partez.

Orain badaukazue
famili eder bat
ta hori ikusita
pozten naiz erabat
lau neska dauzkazue
ta mutil bakar bat
famili ederra da
hori ziur daukat

Orain bizi zarete
herri lasai baten
inurriak bezala
zabiltzate lanen
beti lanean eta
beti re sasoien
ez al zarete bada
horretan aspertzen

Orain dela urteak
ezkondu zineten,
hori ospatzen dugu
gu denok gaur hemen
jarri zituzuela
indar eta kemen
eta bizi zarete
zoriontasunen.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala