edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Txondorra Alkizara itzuli zen

Amaia Núñez Yarza

irudia
(Arg.: Luis María Nuñez)

Txondorra egiteko ohitura orain dela urte asko desagertu zen Alkizako baserrietatik. Bost urte igaro dira iada, 2004ko apirilean ohitura berreskuratu eta denbora askoan lehenengoa egin zenetik Intxaur Aundi baserri ondoan, Koldo Jauregiren karobiaren inguruan. Aurten tradizioa berriro egi bihurtu da oraingoan Ikili baserriko lurretan.

Urtebete bada Alkizako udalak lehengo ohitura zaharrak berreskuratu nahi dituela. Ideia hau abiapuntutzat harturik San Martin festa ospatu zen lehenik eta behin, eta ideia ondo atera zela ikusita, txondorraren inguruan lan egitea pentsatu zuten, baita egin ere.

Hainbat bileraren ondoren txondorra Ikili baserrian izango zela erabaki zen. Garmendi Goikoa baserriko Benito Goenaga izan zen ideia errealitatera eraman zuena, Koldobika Jauregi eta Jose Ignacio Gorostidiren laguntzarekin. Aste betean egunero egon ziren Martin Goenagaren baserriko lurretan txondorra zaintzen ondo erre eta sua itzali ez zedin.

Benitok 23 urte zituela egin zuen txondorra lehenengo aldiz, 1956an. Oraindik ez da ahaztu lehenengo aldi hartaz, “ahazten ez den gauza horietakoa da. Negu gogorra izan zen hura, dena izoztuta zegoen. Lan asko egin behar izan genuen zaintzeko”, dio. Urte asko pasa dira ordutik, baina lan hau egiteko eskaini ziotenean, gustu handiz onartu zuen, txondorraren ohiturak duen pisua eta garrantziaren jakitun.

Alkizako XXI. mendeko bigarren txondorra lehenengoa baina nahiko handiagoa izan zen. Hiru metroko altuera eta 13 metroko diametroa zuen. Barnean, 4.500 kilo egur zeramatzan, 1.000 kilo ikatz egiteko. Egunero 200 kilo egur sartzen zizkioten.

Egunak aurrera joan ahala, txondorrak beti zuen jendea inguruan. Barnetegira etorritako ikasleen bisita izan zuen, baita ikastolako ikasleena ere. Orain dela lau urte Tomas, Onintza, Uxue, Martin, Koldo, Igone, Alaitz, Telmo, Naroa eta Julen izan ziren txondorra zaintzen egon zirenak aste guztian akanpatuta. Aurten izan dute jarraipena eta herriko haurrak ia egunero jaisten ziren, bai eskolarekin edo gurasoekin, bere garapena ikustera.

Alkizarrez gain, jende ugari gerturatu zen Ikili baserrira. Hernanitik Maitane, Miren, Nerea Leire, Unai, Aritz, Mikel eta Aitor joan ziren beren amekin, Asteasuko eskolako ikasleak ere gerturatu ziren, eta nola ez, Alkizako Barnetegian astea igarotzen ari ziren Trapagarango La Escondrilla eskolako 4. mailako ikasleak. Honetaz gain, Patxi asteasuarrak egunero egiten zuen bisita, etxerako bidean baitzuen eta.

Pixkanaka-pixkanaka, egurra egosten zihoan heinean egur pila txikitzen joan zen eta lehenengo egunetan egur gehiago sartu behar izan zioten txondorrari lanean jarraitzeko. Lizarra, pinua, pagoa, platanoa, urritza, haritza... Alkizako basoetako zuhaitz mota askotatik ateratako egurra egosi zen bertan. Batzuk besteak baino hobeak dira ikatza egiteko, baina denak baliagarriak.

Txondorraren alde guztietan egindako zuloek oxigenoa eman eta azkartu egiten dute egurraren egoste prozesua. Ikiliko txondorran laster hasi ziren zuloak egiten eta laugarren egunerako ikatza prest zegoen. Normalean pare bat egun itxarotea gomendatzen da ikatza ondo egosteko. Aurten Martin Goenagak baratza behar zuenez ez zen gehiago mantendu eta laugarren egunean ireki zen. Urtero bezala babarrunak eta artoa landatu behar zituen eta denbora bukatzen ari zitzaion.

Txondorraren inguruan festa eta alaitasuna ez ziren falta izan. Martinek bere akordeoia jotzen zuen bertara hurbiltzen ziren guztiek dantza egiteko, eta Amixuri abesbatzako hainbat kide ere hurbildu ziren bertara urtean zehar ikasitako abestiekin bazkalondoak alaitzera.


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala