edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Joan den urteari begira 2009

Jose Mari Aranzabe eta Imanol Lizardi

irudia

JOXEAN APAIZAREN AGURRA
Irailaren 21ean, igandea, eman zuen Joxean Larrañaga apaizak Alkizan azken meza. Gure herrian zortzi urte eman ondoren, Oñatira joan zen. Hori zela eta, hilaren 13an agur bazkaria egin zitzaion Alkizako Ostatu jatetxean. Bertara 40 bat lagun bildu ziren.

MADDI AUZMENDI JAIO ZEN
Irailaren 21ean, arratsaldeko 3:00etan Maddi Auzmendi Barea jaio zen. Maddi Argi eta Iñakiren lehen alaba da. Lehendik bi seme dituzte: Aner eta Iñaki.

APAIZ BERRIA ALKIZAN
Joxean Larrañaga joan zela eta, apaiz berria etorri zen irailean. Aramakoa da jaiotzez, eta urte askotan Kolonbia aldean ibilia da misio lanetan. Pello du izena, eta 70 urte ditu. Irailaren 28an, eman zuen lehen aldiz meza Alkizan. Ongi etorria izan dadila.

JUBILATUEN IRTEERA VIANARA
Urriaren 21ean, asteartea, Vianara joan ziren herriko jubilatuak. Goizean, Ondarre bodega ikusten izan ziren. Gero, Logroñotik buelta bat eman ondoren, Vianara abiatu ziren. “Royal Menu” jatetxean bazkaldu ondoren, Viana bisitatu zuten.

TXERRI ESKULTURAK ETA IRUDIAK EGITEA
Urriaren 25ean, larunbata, goizeko 10:00etan Plazan bilduta, txerri eskulturak eta irudiak egin zituzten haurrek eta helduek, Koldo Jauregiren gidaritzapean. Eskultura eta irudi horiek ikusgai egon ziren Kultur etxean San Martinetan egin zen erakusketan.

JUBILATUAK ZUMARRAGAKO FERIRA
Abenduaren 13an, larunbata, jubilatuek Santa Luziako ferira joateko aukera izan zuten. Goizean ferian bueltatxo bat eman ondoren, arratsaldean, Legazpi ezagutu zuten.

IKER URRUZOLA GIPUZKOAKO TXAPELDUN
Azaroaren 8an, larunbata, Leitzaranen jokatutako Gipuzkoako Oilagor txapelketan, Erniope Ehiza Elkarteko Iker Urruzola Zuriarrain, alkizarra, gertatu zen txapeldun, bi oilagor botata. Zorionak Iker.

ALAITZ ARANZABE SARIDUNA EITB-N
Azaroaren 16an, igandea, EITB-k zuzenean emititu zuen lau t’erdiko txapelketako pilota partiduan egiten den telefonoz bidezko apustu jokoan, Alkizako Alaitz Aranzabe Saralegi suertatu zen irabazle. Dakizuen bezala, parte hartzaileek zein pilotari izango den irabazle asmatu behar dute. Ondoren, asmatzaileen artean zozketa egiten da, eta egokitzen zaionari 400 euroko saria ematen zaio. Bigarren aldia da Alaitzek sari hau irabazten duela. Zorionak Alaitz.

EGURALDI KAXKARRA BAINA GIRO BIKAINA SAN MARTINETAN
San Martin eguneko mezarekin hasi zen guztia. Egun berean, arratsaldez, haur jolasak eta merienda izan ziren. Eguraldiak ez zuen lagundu aurtengo azaroaren 11n, eta badirudi iragarri egin nahi zigula asteburuan gertatuko zena.

Eta hala gertatu zen. Ostiralean txerria hiltzeko tresneriaren erakusketa zabaldu zen.

Aste osoan zehar zenbait lagun lanean aritu ondoren, zur eta lur uzteko moduko erakusketa antolatu zuten. Ikusgarria, dotorea, bikaina. Aste bukaera osoan zehar egon zen zabalik erakusketa, eta ez zen ikuslerik falta bertan. Bideo gelan txerria hiltzeari buruzko argazkien emanaldia ikus zitekeen. Arratsaldeko 7retan Amixuriko kantuzaleak bildu ziren, eta euria gogotik ari zuela kontuan izanda, tabernatan kantatu zuten gehienbat. Ondoren, afari modukoa egin zuten Elizegin.

Larunbatean, txerri harrapaketa izan zen arratsaldeko 5ak eta erditik aurrera. Hasieran, hotza medio, ez zen jende askorik, baina azkenerako bildu zen koadrila ederra, eta izugarri gozatu ahal izan zuten haurrek, gazteek eta baita helduek ere. Parte hartzea handia izan zen, eta pilota partiduak zeudela eta, bukatu egin behar izan zen guztia 7ak aldera. Lehia estua eta gogorra izan zen, eta azkenean ustekabean, Jon Gorritik eta Gorka Goikoetxea helduek (Jose Ignacio eta Mattin Gorostidiren marka hobetu ostean) irabaziko zutela zirudienean, azken bikoteak segundo batean hobetu zuen haien denbora. Bikote hori Jokin Saralegi eta Martin Lizardi gaztetxoek osatzen zuten. Jarraian, zortzi urtetik beherako haurrek izan zuten txerritxoekin une batez jolasean aritzeko aukera. Eta arratsaldeko unerik garrantzitsuenetakoa Guraso Elkarteak antolatutako zozketa izan zen. Orduan bai, orduan denak zeuden, ez zuen inork alde egiten. Ikusmira ikaragarria zen. Beatriz Ruiz eta Mari Sol Urretabizkaia izan ziren zortea alde izan zutenak, eta badute aurten zer hazia. Euriak nahiko errespetu azaldu zion ekintza honi, eta hau bukatu eta segituan berriro bisita egin zigun.

Euri artean, beraz, 7retan San Martinetako VI. lau t’erdiko pilota txapelketaren finalak jokatu ziren. Lehenik hirugarren eta laugarren postua erabaki zuen partiduan Josu Eizmendi nagusitu zitzaion Jon Altunari. Eta final handian, kontuak nahiko paretsu joan eta gero, azken partean Igor Aranzabek gaina hartu zion Haritz San Sebastiani. Aurtengo txapelduna, beraz, Igor Aranzabe dugu.

Gaueko 10etan, kanpoan euria ari zuela, Mus eta Eskoba txapelketak jokatu ziren. Azpimarratzekoa izan zen aurtengo partaidetza. Giro aparta zegoen bai Elizegin (eskoba txapelketa), baita Ostatun ere (mus txapelketa). Partida asko jokatu ondoren, eta zegozkien kanporaketen langa pasata, musean Alfonso anaiek Ignacio Iruretagoiena eta Ramon Aranzaberen aurka aritu ziren. Ramon eta Ignacio gertatu ziren irabazle. Eskoban berriz, familia arteko finala izan genuen. Amaia eta Irati (iazko txapeldunak (euren ilobak diren Gorka eta Aitor Sorarrainen aurka aritu ziren). Gaztetxoak nagusitu ziren, eta beraz, aurtengo txapeldun gertatu.

Igande goizean, 12ak aldera, euria ere tartean, 2. kamioi gurpil lasterketa egin zen. Partaidetza iazkoa baino dezente kaxkarragoa izan zen, sei izan baitziren parte hartzaileak: Eneko, Unai, Julen eta Aitor Sorarrain, Imanol Ugalde eta Balduino Alfonso. Aitor Sorarrainek hartu zuen aurrea hasiera-hasieratik, baina gertuan zituen Imanol eta Balduino. 500 bat metro falta zirenean, hirurak parean zeuden, baina Aitorrek berriz erasoa jo, eta Balduinok bakarrik jarraitu zion, Eta ez bakarrik jarraitu, baizik eta aurrea hartu eta irabazi. Bigarren beraz, Aitor Sorarrain izan zen (ikusle gehienen harridurarako, iaz askoz denbora kaxkarragoa egin baitzuen), eta hirugarren Imanol Ugalde. Julenek, Enekok eta Unaik ere, sekulako kirol erakustaldia eginez lortu zuten euria, lainoa, gurpil erraldoia eta elementu guztiak aurka zituztela helmugako marra igarotzea, eta egundoko denbora erregistroekin gainera. Bejondeiela. Azpimarratzekoa da lehen hiru sailkatuek hobetu zutela iazko marka. Helmugan giro bikaina zegoen, eta ez zen animo faltarik izan.

Ordu bietan, euria kanpoan, herri bazkaria izan zen. 140 lagunetik gora hartu zuten parte, eta ez zen janari faltarik izan inorentzat. Egundoko lana egin zuten batzuek janaria prestatzen, guztia bertan egina baitzen. Eguraldi txarrari aurre egiteko ez zen teknologiak eskaintzen dituen aurrerapenik falta, baina umorea eta giro ona izan ziren, benetan kanpokoa ahaztarazi zutenak. Bazkalostean, kantuak, bertsoak… denetik izan zen.

Iragarrita zegoen toka txapelketa, euria zela eta, ez zen jokatzeko modurik izan.

OIER OLASAGASTI JAIO ZEN
Azaroaren 20an, osteguna, Oier Olasagasti Iruretagoiena jaio zen. Oier Lurdes Iruretagoiena (Etxabe baserrikoa) eta Iker Olasagastiren (oriotarra) lehen semea da. Perualdeko urbanizazio berrian bizi dira. Zorionak.

1,2,3 INAXITOREN ANTZEZLANA
Azaroaren 21ean. arratsaldeko 5:30ean, Kultur Etxeko balioanitzeko gelan, 1,2,3, Inaxitoren 3. zatia eskaini zuten. Dakizuen moduan, bertsoa, umorea, eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna da Xabier Sukia, Ibai Esoain eta Gorka Tolosak arrakasta handiz herriz herri eskaintzen dutena. Ikuskizunak Kutxaren babesa izan zuen. Alkizan, iazkoaren moduan arrakasta handia izan zuen, eta ikusleak oso pozik geratu ziren.

GOSPEL MUSIKA ELIZAN
Abenduaren 12an, ostirala, gaueko 22:00etan hasita Gospel musika emanaldia izan zen Alkizako elizan. The Upper Room Gospel izeneko taldea izan zen emanaldia eskaini zuena, bi donostiarrez osatutakoa. Giro hotza izan arren, berehala berotu zen, entzuleen laguntzarekin. Hirurogei bat lagun bildu ziren, ez ohiko kopurua horrelako ekitaldietan Alkizan. Jendearen erantzuna zela eta, musikariak oso gustura joan ziren.

KOLDOBIKA JAUREGIREN ERAKUSKETA DONOSTIAN
Abenduaren 8ko astean zabaldu zituen ateak Donostiako Ekain galerian Koldobika Jauregiren erakusketak. Dakizuenez Koldobika eskulturagile alkizarra, fama handiko artista da, eta hori dela eta, jende asko inguratu zen bertara. Ekain Galeria Donostiako Konstituzio plazaren inguruan dago. Erakusketa zabalik egon zen astelehenetik larunbatera, otsaila bitartean.

POSTRE LEHIAKETA ESKOLAN
Abenduaren 23an, asteartea, jokatu zen Alkizako Eskolan ohikoa bihurtu den Postre lehiaketa. Hiruhilekoari amaiera emateko giro ezin hobean egin zen bazkaria herriko plazan, eguraldiak ondo baino hobeto lagunduta. Bazkari ostean egin zen Postre lehiaketa. Irabazlea Amaia Ibarbia izan zen. Bigarren sailkatua, berriz, Olatz Mateos, eta hirugarrena, Idoia Aramendi. Ondoren, ez zen kanturik falta izan, eta eguzkia ezkutatu ahala, jendea ere erretiratu egin zen.

OLENTZERO OPARIEKIN ETORRI ZEN, BETI BEZALA
Haur kopuru aldetik, azken urteetako markak hautsiz, abenduaren 24an ez zuen hutsik egin Olentzerok. Harrera beroa egin zioten, harridura eta zorion aurpegiz begiratzen zioten haurrek. Aurtengoan Olentzerok Eguberri kantez osatutako disko bana oparitu zien herriko gazteenei.

MIKEL LOPEZ GARAILE TORTILLA LEHIAKETAN
Abenduaren 28an, igandea, ospatu zen Gizonezkoentzat 4. Tortilla lehiaketa. Ostatu jatetxean egin zen, eta hamabi izan ziren aurkeztutako tortillak. Igandearekin egokituta, eguerdian egin zen aurtengoan. Giro bikaina sortu zen, eta azpimarratzekoa izan zen aurtengo tortillen kalitatea, bereziki, aurkezpenari dagokionean. Ohi den moduan, epaileak emakumezkoak izan ziren. Itxura oneneko tortillaren saria Jose Ignacio Gorostidik irabazi zuen. Tortillarik onena berriz, epaimahaikoen ustez, Mikel Lopezek egin zuen. Bigarren sailkatua Jose Ignacio Gorostidi izan zen, eta hirugarrena Riki Alfonso.

Bazkalostean Jose Ignaciori esker gaztainak izan ziren bertaratutakoentzat, inozentadarik faltatu gabe, jakina.

Arratsaldeko 5etan futbol partidua izan zen frontoian. 20 urtetik beherakoak, helduen kontra aritu ziren. Nabarmen geratu zen gazteek oraindik asko dutela ikasteko, are gehiago, helduen taldean, Gorka, Jon, Iñaki, Angel, Iker, Mertxe, Miren, Mariaje, eta beste batzuen kalidadeko jokalariak baldin badaude. Azkenean, arbitroaren laguntzarekin, noski, hamaikana berdinduta amaitu zen partidua, gazteen taldean helduenean baino jokalari gehiago bazen ere. Edozein erara, errepikatzeko moduko festa egin zen. Arbitroa Joxerra Hernandez izan zen.

ELURRA USTEKABEAN
Eguraldi iragarkapenek bestelakorik zioten arren, elurra mara-mara bota zuen urtarrilaren 8an, goiz osoan zehar bereziki. Errepidea garbitu zutelako, ez zen lehen orduetan mugitzeko arazorik izan, baina eguerdi aldetik aurrera, okertu egin ziren gauzak, eta izan ziren, autoa behean utzita etxera etorri ziren herritarrak. Eskolumeak eta, hain ume ez diren batzuk, berriz, ederki gozatu zuten arratsalde partean elurretan jolasean. Bostak aldera edo, Foru Aldundiko elurra kentzeko makina pasa zen, eta errepidea nahiko garbi utzi zuen. Bestalde, herriko langilea ere, jo eta ke aritu zen egunean zehar, errepide nagusia zein baserrietako bideak txukuntzen.

EDUKIONTZI BERRIA
Urtarrilaren hasieran sukaldeko olioa jasotzeko edukiontzi laranja jarri zen martxan herrian. Orduz geroztik, sukaldeko olioa edukiontzi berrira botatzen da birziklatzeko. Jakin izan dugunez, erabilera egokia eman zaio herrian, eta behin baino gehiagotan etorri izan dira hustutzera.

MUSIKA TAILERRA
Otsailaren hasieran, martxan jarri zen Musika Tailerra. Irakaslea Iñigo izan zen, eta bertan gustura baino gusturago aritu ziren herriko gaztetxoak.

 

SANTA AGEDA BEZPERA
Santa Ageda bezperan, azken urteetan ohi den moduan, arratsaldeko 19:45etan hasita, Amixuri abesbatzako kideek, eta eurekin batera atera izan nahi zutenek herria kantuz eta koplez alaitu zuten.

Herriko erdiguneari itzulia eman ostean, barrikotea egin zuten Alkiza-Lete nekazalturismoan.

ALKIZAKO WEB ORRIARI AIPAMENA
“Tolosaldean Zehar” Gidan Urtarrileko alean esaten zuenez, Alkiza, Billabona eta Zizurkilgo web guneak omen dira erabilgarrienak eta gehien eguneratuta daudenak.

LAIA LARRAURI MATEOS JAIO ZEN
Otsailaren 10ean, asteartea, jaio zen Laia Larrauri Mateos, Julen Larrauri eta Olatz Mateosen bigarren seme - alaba. Famili hau Santiago Ermita bidea 3A zenbakian bizi da.

KALDEREROAK ETORRI ZIREN
Otsailaren 13an, ostirala, Kaldereroak izan genituen Alkizan. Guztia arratsaldeko 4:30ean hasi zen. Eskolako ikasleak atera bezain pronto Lete baserrian bildu ziren haurrak, guraso eta hainbat herritar. Zartagi, mailu, pertza e.a. eskuetan zituztela, eta zingaroz jantzita herriko kaleak alaitu zituzten euren kantekin. Musika ere ez zen falta izan, ez eta berotzeko txokolate eta pasta gozo askoak ere. Iluntze aldera, berriz, helduak elkartu ziren Elizegi tabernan; mokadu bat jan, eta jaiari jarraipena emateko asmotan. Giro ezin hobean jardun eta gero, gaueko ordu txikietan amaitu zen guztia.

IÑAUTERIAK ALKIZAN
Otsailaren 19an, ostegun gizen eguna, hasi ziren Iñauterien ospakizunak gure herrian. Eskolak egin zuen hau. Horretarako irakasle, haur eta gurasoak mozorrotuta etorri ziren. Eguraldi onaren laguntzarekin Iñauerietako hainbat dantza egin zituzten herriko plazan. Eguerdi aldean amaitu zen guztia , eta asteazkena arte jai izan zuten Alkizako eskolan.

ANGEL BEOBIDE JOAN ZITZAIGUN
Otsailaren 27an hil zen Berandoain baserriko Angel Beobide. Hileta elizkizunak igandean, martxoaren 1a, arratsaldeko 5:00etan egin ziren Alkizako San Martin de Tours Parrokian.

HAUTESKUNDEAK ALKIZAN
Martxoaren 1ean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren Alkizan ere. Hauek izan ziren emaitzak: Hautesle zentsoa: 277; Boto emaileak: 159 (%57,40) ; Abstentzioa: 42, 6; EAJ - PNV: 95; ARALAR: 33; EA: 3; Ezker Batua: 3; PUM: 1; UPD: 1; Zuriak: 4; Nuloak: 19

EHIZA TXAPELKETA
Martxoaren 1ean ere, Erniope Ehiza Elkarteko Faisan Txapelketa txakurrarekin egin zen. Bederatzi izan ziren partaideak, eta emaitzak honako hauek: 1.- Arkaitz Garaiburu, 5 piezekin; 2.- Ion Gorriti, 4 piezekin; 3.- Eduardo Roteta, 3 piezekin.

JUBILATUAK OÑATIRA
Martxoaren 5ean, osteguna, irteera izan zuten Jubilatuek Oñatira. Goizez, Arantzazuko Santutegian izan ziren, eta Arrikrutz kobazuloak ere bisitatu zituzten. Soraluze jatetxean bazkaldu ondoren, Oñatiko hiri historikoa ikusi zuten.

MUNSTRUO TAILERRA
Martxoaren 7an, larunbata, Munstruo tailerra egin zen Kultur etxean, goizeko 9:00etan hasita. Bertan Maskara eta irudia landu ziren Koldobika Jauregiren laguntzarekin, eta gaztetxoak zein helduak izan ziren protagonista.

EMAKUMEEN EGUNEKO AFARIA
Martxoaren 7an, Ostatu jatetxean, Emakumeen eguneko afaria egin zen. Emakumeen eguna, berez, martxoaren 8an da, baina aurten igandea zenez, bezperan ospatu zuten. Berrogeita bi izan ziren elkartu ziren herriko emakumeak, eta goizalderarte luzatu zen afalostea tarteko, giro bikainean jardun zuten.

AIZTONDOKO KLASIKA
Martxoaren 8an, Aiztondoko Klasika txirrindulari lasterketak amaiera izan zuen Alkizan. Egunak euritsu argitu bazuen ere, eguraldiak errespetatu egin zuen txirrindularien esfortzua, asko izan baziren ere, gogortasuna medio, helmugara iritsi baino lehen lasterketa utzi zutenak. Jendetza hurbildu zitzaigun herrira, eta autoak zirela eta, arazotxo batzuk izan ziren. Halere, azkenean ondo baino hobeto joan zen dena. Hamaikak eta laurden aldera pasa ziren lehen aldiz Alkizatik, eta ordu biak hamar gutxiagotan heldu ziren Otsamendi ondoan zegoen helmugara. Jorge Martin Montenegro izan zen irabazlea, lasterketa gogor bati amaiera bikaina emanez.

MARIA JESUS GABIRONDO HIL ZEN
Apirilaren 6an joan zitzaigun betiko Katalandegi baserrikoa zen Maria Jesus Gabirondo Aranzabe, gaixotasun baten ondorioz. Aspaldi samar Zumarragan bizi zen, baina oso ezaguna zen herrian. Hileta elizkizunak apirilaren 7an, arratsaldeko 6:30ean izan ziren Alkizako San Martin de Tours Parroki-elizan.

KIROL BATZORDEA
Apirilaren 3an, ostirala, bilera izan zen Alkizako Kirol Batzordea antolatzeko. Ondorioz, honela antolatuta geratu zen batzordea: Ainara Zurutuza: Udaleko ordezkari; Itsaso Gonzalez de Leiba: Eskola kirol arduradun; Gorka Goikoetxea: Gurasoen ordezkari; Aitor Sorarrain: Erniopeko ordezkari; Julen Sorarrain: Gazte taldeko ordezkari; Balduino Alfonso: Kirol ordezkari.

KONSTRUKZIO TAILERRA
Apirilaren 4an, larunbata, goizean zehar, Koldobika Jauregiren eskutik Konstrukzio tailerra egin zen Alkizan. Eguraldiak lagunduta, plazan egin ahal izan zen guztia. Oraingoan, kartoia zen nagusiki erabilitako materiala, eta argazkian ikus daitezkeen eraikinen arabera, egundoko arkitektoak ditugu herrian. Nork daki Alkizan ditugun eraikuntza proiektuei aurre egiteko herrian bertan dugun soluzioa...

ENARA IRURETAGOIENA MUJIKA JAIO ZEN
Apirilaren 12an, igandea, jaio zen Enara Iruretagoiena Mujika. Enara, Jon Iruretagoiena eta Aitziber Mujikaren bigarren alaba da.

ALKIZARRAK TXAPELDUN AIZTONDOKO PILOTA TXAPELKETAN
Apirilaren 26an, Zizurkilen, urtero Aiztondon egiten den pilota txapelketan alebin mailan hiru herritar txapeldun gertatu ziren. Alkizarrak Manex Otegi, Mattin Gorostidi eta Aitor Sorarrain dira. Finalean aurkari gisa zizurkildarrak izan zituzten, baina kostata izan bazen ere herrikoak gailendu ziren, 16 - 9ko emaitzarekin.

MERCEDES ROTETA LEGARRA HIL ZEN
Nahiz eta aspaldi honetan Billabonan bizi zen, Iribiti baserrian jaio eta bizi izan zen Mercedes Roteta Legarra hil zitzaigun maiatzaren 5ean. Hileta elizkizunak maiatzaren 6an egin ziren arratsaldeko 18:30ean Alkizako San Martin de Tours Parroki Elizan.

TXORIMALO TAILERRA
Maiatzaren 9an, larunbata, goizeko 9:00etik aurrera, Txorimalo tailerra egin zen Kultur etxean. Hasiera batean, asmoa Ikili baserriaren inguruan egitekoa zen, baina eguraldia zela eta, lekuz aldatu zen. Ohikoa den moduan, haurrek, gazteek eta helduek hartu zuten parte, eta euren “obrak” denbora luzez izan ziren ikusgai Alkizako plazan.

PELLO AÑORGA IPUIN KONTALARIA
Maiatzaren 7an, osteguna, arratsaldeko 5:30ean Pello Añorga ipuin kontalari ospetsua izan zen Alkizan, bere ipuinik goxoenak herriko haurrei eskaintzeko asmotan. Barnetegian aste horretan zeuden haurrak gonbidatuak izan ziren, eta kontakizuna barnetegi bertako ganbaran egin zen. Oso gustura egon ziren bai haurrak, baita bertaratu ziren helduak ere. Pello bera ere pozik joan zen bertan zeudenen harrera ezin hobea ikusita.

AGENDA 21EKO BILERA
Maiatzaren 8an, ostirala, gaueko 10etan hasita, Agenda 21eko bilera izan zen Kultur etxean. Lehenik Foru Aldundiko teknikari batek azken hilabeteetako jardunaren laburpena egin zuen. Jarraian, antolatzaileek prestatutako zerrendari ekin zitzaion. Eskola berria eta pilotalekuaren kontua izan zen bertaratutakoek gehien jorratu zuten gaia. Partaidetza (Udaleko ordezkariez gain, 8 - 10 lagun gerturatu ziren), bikaina izan zen. Ondoren, Fosa septikoa, Don Juanena etxean egin beharreko lanez eta irisgarritasun planari buruz aritu ziren.

JON ALTUNA LAUSITZEKO EKOMARATOIAN
Alemaniako Lausitz hirian Ekomaratoia ospatu zen maiatzaren hasieran. Bertan bi euskal taldek parte hartu zuten: Gasteizko Mendizabala batetik eta Gipuzkoako Don Bosco bestetik. Dakizuen bezala, Jon Altuna Don Boscon ari da ikasketak egiten, eta une horretan Italian ari zen praktiketan. Bertatik joan zen Alemaniara. Ekomaratoia deitzen zaio ikasle taldeek diseinatutako kontsumo gutxiko prototipoen lehiaketari. Europa mailan garrantzi handia du. Jonen taldeak aurkeztu zuen prototipoaren motorra gasoilekoa da. Berrogeita hamaseigarren postuan sailkatu ziren, eta itxaropentsu agertu ziren hori zela eta, postua bikaina baita.

EGURALDIA LAGUN SAN ISIDROTAN
Aldez aurretik beldurra bazen ere, azkenean esan dezakegu eguraldiak lagundu egin zuela aurtengo San Isidrotako ospakizunetan. Aste osoan zehar txondorra kea dariola izan zen Ikili aldean. Ostegunean hasi ziren bertatik ikatza ateratzen. Txondarra, trontza eta egurra garraiatzeko kablearekin zerikusia zuten tresna eta argazkien erakusketa izan zen zalantzarik gabe, gertakaririk arrakastatsuena egun horietan. Gustu handiz eratuta, ikusle izan ziren hainbat eta hainbaten iritziz, bikaina izan da egindako lana eta oro har, erakusketa bera.

Ostiralean, ume jolasak izan ziren arratsaldean. 8:00etan meza elizan, eta jarraian San Isidrotako ohiko afaria. Gauean Tasio pelikularen emanaldia egin zen. Aurretik, Frontenis txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabaki zituen partidua jokatu zen.

Larunbatean, 8:00etan abiatuta Alkizako 4. mendi ibilaldia egin zen. Bidea batzuen iritziz luze samarra izan arren, oso-oso polita zen, eta askorentzat ezezagunak ziren leku ederretatik pasa zen. Arratsaldean, Aiztondoko kirol topaketa egin zen Alkizako plazan. Bertara Alkizako haurrez gain, Aduna, Larraul eta Zizurkilgoak etorri ziren.

Kirol topaketa amaitu ostean, Frontenis txapelketako hiru partida jokatu ziren. Lehenengoan emakumeen mailako hirugarren postua erabaki zen, eta jarraian nesken arteko finala jokatu zen. Garaileak Uxue Etxebeste eta Nagore Arizeta izan ziren. Jarraian mutilen artekoa jokatu zen, eta txapeldunak Xabier Gabirondo eta Mikel Lopez gertatu ziren.

Azken partida bukatu baino lehen, hasia zegoen Kultur etxean egurra garraiatzeko kableari buruzko mahai-ingurua. Benetan interesgarria izan zen eta oso gustura aritu ziren bertaratutakoak, bai mahaian zeudenak, baita publiko gisa zeudenak ere.

Igandean berriz, Alkizako haurren dantza-emanaldi dotorearekin hasi zen jaia. Ondoren Trontzaren eguna ospatu zen, Gipuzkoako Trontza eta txinga eroate txapelketa jokatzen baitzen. Ikusmira handia zegoen herriko Aitor Roteta baitzen trontzalarietako bat. Oso ondo aritu zen Andoni Rezabal bikotearekin batera, eta bigarren postu bikain bat lortu zuten. Irabazleak Legorretako Esnaola anaiak izan ziren. Jarraian, Ikili aldean bazkaria egin zen.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala