edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Gorka, mila esker

Oilategitik Taldea

irudia

Gorka joan zitzaigunetik urte bete joan da, iazko abuztutik alegia. Aldizkari honetan iaz idatzi ezin izan genuen oroitzapena, berarekiko zorra kitatzera gatoz.

Gorka Alkizako Oilategitik Kultura Elkartearen fundatzaileetako bat izan zen eta urtero aldizkari honetan parte hartu zuen. Bertako hemerotekan ikus daitezke artikulu eta argazkiak.

Lehen alean, 2001ean, Koldo Jauregi eskultorea elkarrizketatu zuen. Alkizara bizitzera etorri eta berehala bertakotu zen. Horrela, bigarren alean lau alkizarrekin solasean herriaren etorkizunaz kezkaturik agertu zen. Hirugarren alean, 2003an berriz, hogei urte Antoniok alkatetzan egiten zituela eta, bera zuzenean elkarrizketatu zuen, Alkizako problematika planteatuz gordin-gordinean.

Gorkaren Alkizako bizitzan ondorengo urteak oso erabakigarriak suertatu ziren, senar-emazteek hiru seme-alaba adoptatu zituzten. Elkarrizketak egitetik, elkarrizketatu edo protagonista izatera pasatu ziren. Oilategiko bi artikulugilek Urruzola-azpiko Elik eta Gorkak hiru haur errusiar adoptatu dituzte izeneko artikulua taxutu zuten.

Oilategiko harremanetatik at, Gorkarekiko gure oroitzapena, Alkizakoa, beste honako hau ere ba da: mendian ibiltzea, bere hiru zakurrak lasterka batean paseatzea. Astia zuen bakoitzean, aldapa gora edo behera ziztu bizian kirol mota hura praktikatzen zuen, leku-izen edo toponimian ikasi eta bereganatzeko irrika aparta zuen. Herriko ibilbideetan parte hartu ohi zuen. Langile amorratua bezain kaskagorra zen bere buruarekiko. Behin Ernioko bira Aian amaitu ezinik, Iturriotzen helmuga iristear zegoela, lur jota bertan behera utzi zuen ibilaldia.

Gorkaren gogoz bere errautsak ere Itzuregiko lepoan zabaldu arazi zituen. Gorka eibartarra Alkizarekin, mendiarekin eta Itzuregiko lepoarekin betiko loturik geratu zaigu alkizarroi.

Hotzikara nagusi zen
berri hura aditzean
abuztuko egun hartan
eguzkia esnatzean,
“betiko joan da Gorka”
ahoz aho zabaltzean,
gure barrua kolpetik
geratu zen huts-hutsean.
Ikusten zaitugu Gorka
korrika bide ertzean
zakur bat aurrean eta
beste bi zakur atzean,
Erniopeko basoan
zure pausu bakoitzean
argi bat piztu ohi zendun
alkizarron bihotzean

Zure lanaren lekuko
bizi da Oilategitik
beatzigarren alera
heldu da amets hartatik.
Zure itzala ez dadin
desagertu Alkizatik
bale bai, esango degu
tarteka Gora Athletik!
Apaltasunean beti
saiatu zinen gogotik
hitz txar bat ez gendun entzun
sekula zure ahotik,
irribarrea jaso bai,
lehen hemen, gaur hor gainetik
haizeak hegan ekartzen
diguna Itzuregitik

Doinua: Habanera


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala