edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Errepublika aurreko eskola

Agurne Eizagirre eta Ixiar Irulegi

irudia

Argazki hauei begirada bat ematean, zenbat gauza aldatu diren ikusten dugu, nabarmena da janzkera aldaketa; garai bateko “apreta txuriak” oinetan eta mutilen kasuan eskuetan txapela. Argazkiak 1926 edo 1927an ateratakoak dira; handik hona makina bat egun pasa dira eta bitarte horretan aldaketa handiak izan ditugu; pentsamenduan. bizimoduan, ohituretan… eta zer esanik ez eskolan eta gure haurren heziketan.

Urte horietan Alkizako eskolara 60 haur baino gehiago etortzen ziren. Ikasleak 6-11 urte bitartean ibiltzen ziren komunio handia egin arte. Hala ere, askok utzi behar izaten zuten eskola 9 edo 10 urterekin etxean lanean aritzeko edo beste nonbaitera lanera joateko. Maixu-maistra bakoitzak adin desberdineko 30 ume edo gehiago izaten zituen ikasgelan, nola egon beharko zuten? Derrigorrez geldirik eta erne egon behar!!!. Eta hori lortzeko mahai gainean denen begibistan han edukitzen zituzten makila eta erregela .

Peruko Antonio Sorarrainek bere anai bati Cecilio Saez de Urturi maixuarekin gertatutakoa honela kontatzen du “makila puskatu omen zitzaion eta nere anai bati berria ekartzeko agindua eman. Urrungo egunean or dator nere anaia urritz gorria eskuan duala. On Zeziliok bi edo hiru zartateko eman omen zizkion urritz berri orrekin nere anaiari nolakoa zen probatu nairik. Alako beste batean urritz gorri bat ekartzeko gogoak kendu omen zitzaizkion Peruko eskola-umeari!

Maisu–maistra asko kanpotik etorriak euskaraz ez zekitenak ziren eta erabiltzen ziren liburuak gazteleraz ziren. Makina bat estuasun pasa beharko zituzten tutik ere erdaraz ez zekiten ume haiek!!. Dotrina, berriz. euskaraz izaten omen zen, Joan Irazusta alkizarrak idatzitako liburua erabili zuten urte askotan.

Zer ikasten zen? Irakurtzen, idazten eta matematikako lau eragiketak ikastea zen orduko ikasketen ardatz nagusia, kaligrafiari ere garrantzi handia ematen zitzaion. Horiez gain, geografia eta historia ere zertxobait lantzen ziren. Liburu elizkoiak erabiltzen ziren eta dotrina eskola bertan irakasten zuten. Liburuak gaika izaten ziren eta bakoitzak bereak erosi beharrik ez zuen izaten eskolakoak baitziren. Eskolako ordutegia nahiko trinkoa izaten zuten, ez baitzen errekreorik, eta aste luzea, larunbatean goizez eta arratsaldez joaten baitziren eskolara, tartean, hori bai, ostegun arratsaldea jai.

1900ean hasi ziren Alkizan Gau Eskolak ematen, eta garai horretan ere martxan zegoen. Zeintzuk joaten ziren? ume garaian eskolan ibili gabekoak edo gutxi joandako gazteak joaten ziren iluntzetan eskolara, gehienbat mutilak izaten omen ziren ikasle horiek.

Orduko maisuen artean Cayo Calvo eta Zezilio Saez de Urturi aurkitu ditugu, azken honek urte batzuk egin zituen Alkizan, jasotako datoen arabera, 1928tik 1933ra. Argazkiko maisua ez omen da Zezilio, baina ez dakigu ziur nor den. Argazkiko maistra Eulogia Garoña da, bera euskalduna zen eta argazkian bere bi alabak daude: Teodora eta Gloria.

Urte haietan irakaskuntza Don Juanena etxean ematen zen, mutilak goian eta neskak behean eta maisumaistrak ere bertan bizitzen ziren. Gaur egungo eskola 1930ean bukatu zen. 1930eko martxoaren 2an Argiako Alkizako kronikaren bukaeran horrela kontatzen da “Ikastola galant ta bikaiñak egin dira erri ontan, oraindik itxiak daude, ondo legortu ta egoastu zain noski”.

Eskola berria bi solairukoa eraiki zen, goian mutilak ibiltzen ziren, behean neskak; bai mutilak eta bai neskak ikas-gela bakarra zuten, geletan sartu eta ezkerretara beheko sua zegoen.

Argazkietan ikus ditzakegu orduko ikasleak zeintzuk ziren, plazan, “Madrigal” aurrean aterata daude. Gehienak identifikatu ditugu, falta direnak norbaitek ezagutuko balitu eskertuko genioke gugana jotzea.

Oharra: Eskerrak Elizegiko Ixabel Urruzolari argazkiko pertsonak identifikatzen laguntzeagatik.

 
1: Aginako Eustakia Eizmendi; 2: Mendikoetxeko Veneranda Mujika; 3: .....; 4: Aginako Dominika eta Klara Sarasola; 5: Garaikoetxeko Francisca Urruzola; 6: Maestraren alaba Teodora; 7: Aranguren berriko Maria Antonia Zugasti; 8: .....; 9: Garroko Adelaida Ugartemendia; 10: Intxaurrandiko Maria Urruzola; 11: Basatxabalgo Maria Antonia Saralegi; 12: Maistra, Eulogia Garoña; 13: .....; 14: .....; 15: Aretako Gregoria Otaegi; 16: .....; 17: Apaiztegiko Bernardina Zabala; 18: Arantzabeneko Maria Bautista Tapia; 19: Azaldegi-Etxeberriko Klaudia Roteta; 20: Maistraren alaba, Gloria; 21: Berandoaingo ..... Iguaran; 22: Bengoetxeko Maria Legarra; 23: Albiztegiko Julia Aranzabe; 24: Mariantonenako Mª Angeles Eizmendi; 25: Apaiztegiko Hipolita Zabala; 26: Intxaurrandiko Maria Celestina Urruzola; 27: Mendikoetxeko Ursula Mujika (gaur egun bizirik dagoen bakarra); 28: Erreroneko Veronika Arregi; 29: .....; 30: Antzietako Felisa Roteta; 31: Agerreko Antonia Arsuaga; 32: .....
 
1: .....; 2: .....; 3: Aretako Lukas; 4: Mendikoetxeko Luisito Mujika; 5: Basatxabalgo Jose Saralegi (bizirik dago); 6: Katalandegiko Santi Gabirondo; 7: Erreroneko Telesforo Arregi; 8: .....; 9: Antzietako Joxe; 10: Garroko ..... Ugartemendia; 11: Agiñako Jose Ramon Eizmendi; 12: Aretako Ignacio Otaegi; 13: Bengoetxeko Felipe Legarra (bizirik dago); 14: .....; 15: Katalandegiko Joxe Gabirondo; 16: Maisua; 17: .....; 18: Azaldegiko Roteta anaiak; 19: Mendikoetxeko Celestino Mujika; 20: Intxaurrandiko Antonio Maria Urruzola; 21: Albiztegiko Bernardo Aranzabe; 22: .....; 23: Saletxeko Paulino Arsuaga; 24: Garroko Narciso; 25: Urrutikoetxeko Martin Elola; 26: .....; 27: Arritzako Antonio eta Eusebio Zubiaurre; 28: Erreroneko Tomas Arregi (bizirik dago); 29: .....; 30: Zumitzako Jexus eta Federiko Tolosa; 31: ......; 32: Peruko Pedro Manuel Sorarrain; 33: Katalandegiko Pedro Gabirondo; 34: Peruko Pako Sorarrain; 35: Garroko Anastasio Ugartemendia: 36: Basatxabalgo Modesto Saralegi

 

 


Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala