edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Alkizako Jose Antonio ibiltaria

Elixabete Elizondo

irudia

Jose Antonio Alkizan jaioa da, Aizmendi-goikoa baserrian, eta bertan bizi izan da kenduta Afrikan soldaduzka egon zenean 28 hilabetez, Ceuta, Chaouen eta Tetuanen. Andoainen lan egin zuen bonba fabrikan 14 urtez eta gero Billabonan janari-denda eduki zuen. Baina moto istripu bat izan eta gero, ezinezkoa zitzaion dendan lanean jarraitzea, eta alokatu egin zuen. Orain Arnasa taberna da.

Baina benetan harrigarria dena da bere ibiltzeko grina, bere mendiarekiko maitasuna. Hau txiki-txikitatik omen du. Baserriko lanak egin, bapo afaldu eta bera bakarrik abiatzen omen zen ttipi-ttapa. Horrela, zeharkatu ditu gure inguru guztiak. Mila aldiz edo gehiago joan omen da Aizkorrira, bere etxetik Arantzazura oinez, eta handik Urbiara, Aizkorrin bukatzeko. Hamabi orduko martxa omen da mendiz mendi. Aizkorri azpiko artzain batek gelditu omen zuen behin harrituta, esateko ez zuela inoiz horren azkar jaisten zen gizonik ikusi, ahuntzen moduan jaisten zela.

Beti bakarrik joatea gustatu izan zaio. Bakartia izanik, norbaitekin joanez gero, bere martxan ibili behar zela dio. Nahiz eta pila bat aldiz Aizkorri, Txindoki, Udalaitz edo beste norabaitera joan, inguruak goitik behera ezagutu ahal izateko, beti bide berria eta desberdinak hartu izan ditu. Autoa gidatzen ez daki, eta etxera trenez itzultzen zen. Batzuetan hiru egun ere egiten zituen kanpoan, baina ama ez omen zen kezkatzen. Mutil zintzoa izanik, etxera noiz itzuliko zen esateko deitzen zuen. Etxera iritsi, atseden piska bat hartu, eta baserriko lanetan jartzen zen fin-fin.

Alkizatik mundu guztirako bideak hartu izan ditu: Usurbildik Donostiara, handik Guadalupera, gero Pasaian Aiako harrietan bukatzeko. Beste behin, trena hartu Durangora, handik Urkiolara oinez, gero Udalaitzera eta Arrasatera jaitsiz, Bergarara abiatu Oinatin bukatzeko, bertatik trenez berriz itzuli ahal izateko. Batzuetan etxeko “pastor alemana” hartuta abiatzen zen, baina behin zakurra ez atzera ez aurrera gelditu omen zitzaion, lehertuta, eta Gabiria herrian utzi zuen bere bidea jarraitu ahal izateko. Hurrengo egunean Simon anaiak kotxez jaso omen zuen zakur gizarajoa.

Euskal herriko bide guztiak oinez egin ditu,eta inoiz ez omen du sustorik eduki, nahiz eta gauez ibiltzea gustatu. Eta inoiz ez omen du minik hartu, aldiz, jende ona eta laguntzeko prestua aurkitu du. Askotan, nonbaiten afaltzeko gelditu eta bertan topatutako jendearekin hitz egiten hasi, eta kopak hartzen bukatzen zuten –berak ez, noski–. Herrietan horrela ezagututako jendeak bihotz onez hartu izan du beti, eta baita beraien baserrira eraman ere atseden pixka bat hartzera, gero berriz, bakarrik bere bidea jarraitzeko. Mutil lehiala izan ohi da beti.

Azken aldiz, Arantzazura 77 urtekin egin zuen buelta, oraingo honetan Simon anaiarekin. Aurten, 84 urte dituela, Zaratetik barrena Aiako San Pedron izan omen da, eta ez du bere mendiarekiko zaletasuna uzteko asmorik.

Behin, Antiguoko edadeko gizon batek Ernion esan omen zion erretzea gustukoa zuela, eta mendira joateari utzi egingo ziola, ezin zituelako aldapak ondo igo. Baina Jose Antoniok mendira joaten segi nahi du bere 84 urtekin. Ahal duen neurrian, noski, bakarrik ez duela joaterik badaki. Aspaldi honetan Simon anaia edo bere ilobarekin abiatzen da.

Etxea konpontzen ari direla, paretan plaka txiki bat jartzeko asmoa omen du. Bertan jarriko du han jaioa dela mendizale amorratu bat Jose Antonio izenarekin.

Guk uste dugu gizon zoriontsua izan dela, beti gozatu duelako gehien gustatzen zitzaionarekin: gure lurra oinez ezagutzea.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala