edukiak
edukiak

ArtikuluakArtikuluak

Ai, ama! Ai, ama!

Enrike Larrarte

irudia
Legutiano (Billarreal) (Arg.: Araba www.panoramio.com)

“Juanito Aranburu zeritzaion nere lagun batek eta biok, fusil ametrallador txeko bat genduan. Naiz sekulako tiro-pilla egin, aren kañoia etzan lertzen, tiroengatik galdan gorri-gorri jarriagatik ere.

Juanito Aramburu ori Alkiza’koa zan, oso mutil leiala eta ausardi ikaragarrizkoa. Onela esaten zidan:

– Etxeberria txoro ori nun dabillen etzekiat. Ezin egon nauk tiroka hasi gabe.

Etxeberria aurrera joana zen. Alako batez, or etorri da eta esan digu:

– Kañoi-bateri bat oso-osoa ortxe zegok erriaren sarreran. Joan zaitezte ixil-ixilik ondo-ondoraino. Inguruan jartzen zeratenean, egin zazute deskarga bat ametralladorarekin. Danak lo egongo dituk, naiz guardi bat edo beste euki. Deskarga orrekin, beren etzan-lekuetatik dan-danak altxako dituk, eta zuek, alto emanaz, guziak arrapatuko dituzute. Iñor il gabe ori egitea bazegok, eta egin!

Arek agindu bezelaxe egin genduan. Deskarga egin genduanean, or atera dira arrapastaka beren tienda de campañatik, begietako makarrak kentzeko denborarik gabe eta onela oju egiñaz:

– Gora Euzkadi! Gora Euzkadi! ¡Nos entregamos!

Hogei ta bost ziran danak. Etxeberria’k erdi-erditik asmatu zuan. Gau artan ederki asko nabarmendu zan, artzantza gauza askotarako eskola ona dala.

Etsai aiek geren lagunai entregatu eta atzeko aldera bialdu genituan. Eta gu an gelditu giñan, geren lau kañoi eta guzi.

Guretako iñork kañoi aiek manejatzen jakin izan balu, orduan bai guardiazibil begi-bakar arek etzuala torretikan geiago tirorik tirako.

Juanito nire laguna eta biok pozez zoratzen geunden: ia tirorik gabe eta iñor il gabe, bateria osoa arrapatu, alajañetan.

Bañan ametralladorekin egin genduan tarra-tarrako tiro-otsarekin lotan zeuden guziak esnatu ziran, eta an ekin ziguten bazter guzietatik tiroka.

Kañoi aiei kasorik egin gabe eta ixil-ixilik ibillita kaleetan sartu izan bagiña, ordubeterako Billarreal gurea izango zala uste det. Bañan etsai guziak esnatuta, an etzegoen giro, alajaañetan.

Alako batez, Urbina aldetik or datoz gure kontra bi kamioi blindatu, garai batean arrobietan ibiltzen ziran oietakoak.

Gu danok, aien motorraren saietseko txapari tira eta tira eta tira asi giñan, guritzearren; eta, minutu gutxi barru, bi blindatu aiek sutan jarri genituan.

Bigarrengo sake arekin, dan-dana egiña zegoala uste izatekoa zan. Bañan mesede bearrez, kalte izan genduan.

Blindatuak sekulako su-garrak jarri zituzten inguru aietan; eta orduan torreko guardizibil arek, naiz begi-bakarra izan, ederki asko ikusten ginduan.

Baita ere bi edo iru tellatu-gallurretan, gu etzanda geunden hogei ta amar edo berrogei metrora, jarri ziran etsaiak. Aiek, bururik ikusten bazuten, burutik sartzen zuten.

Ez gerran bakarrik. Pakean ere berdinberdin gerta litzaioke bati: ustez lenbiziko kolpea ongi egin, bigarrena ere bai, bañan irugarrena gaizki. Guri ere orixe pasa zitzaigun, blindatu aiei su emanda.

Jakiña, gu ere ezin tira gabe egon, naizeta askotan nora tiratzen genduan ez jakin. Eta hainbeste tira eta tira, kartutxerak bukatzen ari ziran.

Egunsentia allegatu zitzaigunean, or etorri zait gure buru egiten zuana, Urdiña tolosarra, eta onela dit:

– Alkain, oraintxe munizioak erre dizkiagu eta laster bat ere gabe gaituk. Ea, bada, kaminero-etxe artara joan eta fulamentua egiten deken.

Juanito Aranburu eta biok, geren fusil ametrallador arekin, txandaka ari giñan. Une artan bera ari zan, eta alako batez:

– Ai, ama! Ai, ama!

Lau bat metrora geneukan. Bereala joan nintzan. Eldu nion eta alperrik: kopetaren erdi-erditik zeukan balazoa. Nere Jesukristo Jauna esaten asi zan, nik lagundurik, eta berealaxe il zan, nere besoetan.

Urdiña ere laguntzen asi zitzaidan, eta onela esan nion:

– Beidok! Beidok! Makurtu adi!

Bañan makurtzen asi zan orduko, zast!, ari bular erdian balazoa. Au ere Nere Jesukristo Jauna esanaz il zan.

Bi alako mutil jator une txiki batean iltzen ikusita, arritzekoa litzateke negar-malkoa ez ixurtzea. Negar-malkoz eta marru egiñaz, bi gorputzak alkarren gañean gurutzea eginda utzi nituan.”

Enrike Larrarteren oharra. Testu hau Iñaki Alkainek eta Antonio Zavalak idatzitako liburu honetatik jaso dut: Gerrateko ibilerak I – Auspoa 148, 127-130 or. Aipatutako liburuan Alkainek 1936-39 gerratean, Itxarkundia batailoian, bizitutako pasadizoak datoz. Juanito Aranbururen aztarnak bilatzen saiatu gara, baina huts egin dugu.


Azalera itzuli
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

2010 Alkizako Oilategitik Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala