edukiak
edukiak

Argazki albumaArgazki albuma

Baserriak

Argazki bilduma

Kukutegi. Alkizan bazen Kukutegi izeneko etxe bat, 1561ean, Liazasoro kiskali eta Kontzejuak erretako etxeei diruz laguntzea erabaki zuenean, “Cucutegi la vieja” deitua. Bestalde, 1771n, antzeko hiru etxeren izenak ageri dira: Goiko eta Beheko Kukutegi eta Kukutegi-etxeberritxo. Etxe horietako abizenak, berriz, abizenok aurkitu dira: Kukutegi, Urruzola, Arrue, Amondarain, Iztueta, Caminos, Garmendia, Gaztañaga, Gorostidi, Elola, Goñi eta Argote. Etxe hura Portseta bezala ere dokumentatua dago.

Leteberria. Bazen, 1598an, Leteberriako Martin bat, Alkizan erregidore zena, beraz, etxearen jabe. Bi idazkera aurkitu dira Leete echeverria eta Leteberria. Bertako biztanleen abizenak, berriz, Leteberria, Saizar, Iturrioz, Aranburu, Arruabarrena, Mintegia, Jauregi, Iruretagoiena eta Ugartemendia.

Liazasoro edo Litxaso. Hacasoro?, Liaçasoro, Liazasoro, Linazasoro, Litxaso baserri izenak erabili dira. Hacasoro Litxaso bazen, existitzen zuen 1396ko lehen batzarrean abizen hori zutenak baziren eta. Dena dela, 1516 urtez gero, baserri hura oso dokumentatua dago, esaterako, 1561ean erre eta berehala berria eraiki zuten. Pertsonaia ospetsuak bertan jaio eta atzerrira zabaldu ziren, sonatuena Liazasoroko Marti eskultorea. Lekukoek diotenez, 1930ean, bigarren aldiz kiskali zen. Bertako biztanleen deiturak honakook: Liazasoro, Urruzola, Irazusta, Sorarrain, Mugika, Beloki, Sarasola, Letemendia, Atxaran, Ezeiza eta Mendizabal.

Lizarzelai. Liçarcelai, Lizarzelai eta Lizartzelai bezela erabili izan da historian zehar. Lehen aldiz 1652an agertzen da. Leteko jabeek eraiki zuten Lizartzelai izeneko alor batean, errentamenduan betekizun hauek jarri zizkioten maizterrei: diruaz gainera gaztainondo eta haritzak aldatzekoa bere sailetan. Prudentzia Legarra hil zenean, bere kaperautzan zegoenez, maizterrek bereganatu zuten. Biztanleen deiturak, Beiztegi, Igoaran, Ugartemendia, Ulanga, Arruti, Aranzabe eta Lekuona.

Garmendia. XIV. mendean Alkizako lehen dokumentuen arabera bazen Garmendiako Martin Martinez eta, 1771ean familia bakarra ageri bada ere, 1811 ezkero bitan banatu zen baserria, Garmendia Azpikoa eta Garaikoan. Gipuzkoako ondare artistiko historikoan baserri hari buruz oinetxearen hipotesia planteatzen da. Garmendia Azpikoan, 1959an, Koldobika Jauregi eskultorea jaio zen. Bi baserri haietan honako hauek bizi izan dira: Sarobe, Irazusta, Bazterrika, Aranguren, Agirreurreta, Jauregi eta Goenaga abizena dutenak.

Garro. XIV. mendean Alkizako lehen dokumentuen arabera bazen Garro baserria eta gainera aspaldiko sona du. Gaurko eraikuntza ere XVI. mendekoa da eta baditu arku zorrotzak. Bertako biztanleek XIX. mendera arte Garro abizena mantendu zuten, ondoren, berriz, Madariaga, Otegi, Ugartemendia eta gaur Ruiz-Rodriguez bikotea bizi da.

Goina (Goenaga). Izenari dagokionez Goyena, Goynaga eta Goina bezala ezagutzen da. Lehen Karlistada ondoren Jose Antonio Zuaznabar eta Maria Madalena Aranzabe senar-emazteek eraiki zuten. Bigarren belaunaldian, 1930 aurretik, Inazio Maria Zuaznabar eta Bentzalagako Josefa Ugartemendia Arrutirekin hustu zen. Urruzolakoek borda bezala erabilia 2007arte, Najera eta Bon Perezek erosi eta bertan bizitzekotan dira.

Igaranzabal. Igaran errota 1563 ezkero dataturik dago, handik eratorri zen Igaranzabal baserria eta, 1731n, lehen aldiz agertzen da, errotaren antzera izen anitzekin: Ianzabal, Iaranzabal, Ieranzabal eta Igaranzabal esateko. Bertako jabe eta maizterrak honako hauek bederen ezagutzen dira: Ezkamendi, Urruzola, Mendizabal eta gaur Iruretagoiena- Mendiola sendia bertan bizi da.

Ikilisagasti. Nahiz eta historian zehar Gillisagasti bezala ageri, 1558an, lehen aldiz Ikilisastiko Maria da lehen dokumentatua. Bertako jabe eta maizterrak honako hauek ezagutzen dira: Ikilisagasti, Arpide, Otaño, Irazusta, Aranguren, Pagadizabal, Pellejero, Ezama eta gaur Goenaga Uria bertan bizi da.

Azalera itzuli
inkesta
irteerak

xhtml | CSS - iametza interaktiboak garatuta

© 2010 Alkizako Oilategitik · Alkiza (Gipuzkoa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Diputazioa Alkizako Udala